Maite Lejardi eta Gorka Reiriz: "Gizartea aldatzeko, probretzen ari garenok antolatu beharra dugu"
Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioak deitu ditu zapaturako Bilbon eta Iruñean ‘Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa gelditu’ lelopean. Mobilizazioak 18:00etan hasiko dira.
Zein da gaur egungo gazteriak bizi duen errealitatea?
Maite Lejardi: Gazteria edo zehatzago esateko, gazteria langilea pobretzen ari den sektore bat da. Ia erdia pobreziaren atalatetik hurbil bizi da. Langabezia normalizatuta dago, baita soldata baxuak, lan ezegonkorrak edo aldi baterako lanak edukitzea ere. Diru sarreraren bermerik gabe eta bizitzeko beharrezko produktuak garestitzen ari diren honetan, bizi eredu pobreak finkatzen ari dira. Gizarte kapitalista krisian dago, eta krisi horretatik ateratzeko langileriari tokatu zaion pastelaren zatia murriztu behar du burgesiak, eta horretan gazteriak egiteko garrantzitsu bat betetzen du, pobretutako bizi eredu berrien abangoardia bezala. Horri deitzen diogu ofentsiba ekonomikoa: eskubide ekonomikoak murrizteari, bizi baliabideen garestitzeari, diru sarreren murrizketari.
Zuen irakurketa haratago doa, ostera.
Gorka Reiriz: Etziko mobilizazioagaz ofentsiba burges honen aspektu politikoa ere seinalatu nahiko genuke. Eskubideen urraketa sistematikoak, autoritarismoaren igoerak, politikarako aukeren murrizketak edota kontrol soziala handitzeak gazterian eragin berezi bat dauka. Horrez gain, gazteriaren errealitatea modu orokorrean galdetuta, zenbait elementu kultural ere aipatu ditzakegu. Esate baterako, gazte masa-kulturak bizi eredu berri hauek ahalbidetzeaz gain, despolitizazio orokortu bat ere eragiten du, gazteria burgesiaren interesekiko kontraesankorra izango ez den mundu ikuskera batean heziz.
“Gure bizitzak kapitalismoarekiko dependenteak dira, ez dugu-eta bizi ahal izateko eta erlazio sozialetarako beste alternatibarik”
Eta horri aurre egiteko, zer da proposatzen duzuena?
G.R.: Gazteriari dei egiten diogu urtarrilaren 29ko mobilizazioetan parte hartzera, ez bakarrik gertatzen ari den guzti honen salaketa egin beharrean gaudelako edota jasaten ari garen ofentsibaren eta eskubideen murrizketaren jakitun izan behar garelako. Horretaz gain, antolakuntzaren beharra azpimarratzea dagokigu. Izan ere, pobretzen ari garenok geure artean antolatzea da guzti hau benetan eraldatzeko balio duen bitarteko bakarra. Horregatik, GKStik bide horretan jarraituko dugu, kapitalismoaren kontra eta sozialismoaren alde ahalik-eta gazte sektore zabalenak artikulatzen, antolatzen eta kontzientziatzen.
Zeintzuk dira egungo sistemaren puntu ahulak?
M.L.: Auzia ez da sistemak puntu ahulak dituela. Ingurura begiratzea besterik ez dago gizarte hau justua ez dela eta zapaltzailea dela ikusteko. Gizarte kapitalista bera da bere osotasunean arazoa eta aldatu beharrekoa. Gizarte kapitalista da gutxi batzuk aberasten jarraitu ahal izateko gainontzeko guztiok miseriara kondenatzen gaituena, eta dinamika horrekiko dependente antolatzen dira gure bizitzako erlazio sozial guztiak. Zentzu horretan, gure bizitzak kapitalismoarekiko dependenteak dira, ez dugu-eta bizi ahal izateko eta erlazio sozialetarako beste alternatibarik. Baina, aldi berean, gizarte kapitalista da esplotaziora, miseriara, babesgabetasunera eta despolitizaziora ezinbestean bultzatzen gaituena. Gizarteko aspektu guztiek osotasun bat eta bakarra osatzen dute, eta osotasun horri modu bateratuan aurre egin behar zaiola uste dugu.
“Badakigu estrategia egoki batera indarrak batzea eta geroz eta sektore sozial gehiago inplikatzea dela bitarteko erreal bakarra, eta bide horretan gazteria artikulatu eta antolatzeko ekarpena egin nahi dugu”
Diozue alderdi politikoekin ezin dela errealitatea konpondu. Aldiz, diozue jendartearen egoera aldatzeko politikak behar direla. Nork eta nola bideratuko ditu politika horiek?
M.L.: Geroz eta gehiago dira alderdi politikoetan eta parlamentarismoan konfiantza galtzen ari direnak. Azken hauteskundeetako parte hartzeari begiratzea besterik ez dago. Estatua eta bertan integratuta dauden alderdi politikoak ez dira gizarteko beste esparru batzuetatik aparte doazen zerbait, politika ez da ekonomiatik banatuta dagoen zerbait. Gizarte kapitalistan botere ekonomikoa duenak dauka botere politikoa eta gizartean eragiteko gaitasuna. Enpresari handiak eta nazioarte mailako erakunde finantzarioak dira estatuak finantzatzen dituztenak, eta horrek beraien dinamika garrantzitsuenen eta norabidetze orokorraren gaineko kontrola eskaintzen die. Alderdi politiko parlamentarioek dinamika horretan parte hartze aktiboa daukate, faltsua edo oso azalekoa den pluraltasun bat emanez estatuari. Hala, ordena burgesaren zaindaririk zintzoenak eta sortutako miseria ekonomikoaren kudeatzaile soilak dira. Gaur egungo alderdi politiko guztiek betetzen dute paper aktibo bat dinamika horretan. Horren aurrean, gure leloak esaten duen bezala, politikari profesionalen eta enpresarien fartsatik kanpo antolatu behar gara. Pobretzen ari garenok gure burua antolatuta bakarrik lortu ditzakegu gizarte honen gaineko botere kuotak, eta bakarrik horrela lortuko dugu gizartea osorik aldatzea. Gizarte burgesari edo kapitalistari zuzenean kontrajarrita antolatzen den antolakuntzara geroz eta jende gehiago batzea da errealista iruditzen zaigun apustu politiko bakarra.
“Mobilizazio honetan parte hartzeko deia ere zabala da, eta gazteak eta gazte ez direnak manifestaziora batzea gustatuko litzaiguke”
Zapaturako mobilizazioak deitu dituzue Bilbon eta Iruñean. Dena dela, deialdia bakarrik gazteriari egin diozue. Ez al da hobeto indarrak batzea?
G.R.: GKSk gazte problematika lantzen duen heinean, gazteria antolatuz kontzientziatzea du eginkizun nagusitzat. Horregatik dei eta lan berezia egin izan dugu gazteriagaz. Dena dela, gizarte hau bere osotasunean aldatzeko beharra begibistakoa da komunistontzat, eta horrek modu bateratuan eta gizarte kapitalistaren kontrako estrategia komun bategaz sektore ezberdinok batzeko beharra adierazten digu. Badakigu estrategia egoki batera indarrak batzea eta geroz eta sektore sozial gehiago inplikatzea dela bitarteko erreal bakarra, eta bide horretan gazteria artikulatu eta antolatzeko ekarpena egin nahi dugu. Hori dela eta, mobilizazio honetan parte hartzeko deia ere zabala da, eta gazteak eta gazte ez direnak manifestaziora batzea gustatuko litzaiguke.
Zeintzuk ekintza aurreikusi dituzue?
G.R.: Datorren astean kale presentziagaz jarraituko dugu, bai eta eskualdeko herri batzuetan horma-irudi margoketekin ere. Horrez gain, aurrez aurreko lanari emango zaio garrantzi handia. Horretarako, eskuorriak banatuko ditugu, gaur egun jende ezberdinarekin elkarrizketak edukitzea eta dauden arazo ezberdinetaz hitz egitea oso aberasgarria baita. Manifestazioa egin eta gero ere izango duzue gure berri, eta antolakuntzarako eta borrokarako tresna eta bitartekoak proposatzen jarraituko dugu. Erronka historiko oso handiak dauzkagu aurrean, eta gogotik egin beharko dugu lan gure seme-alabei borrokarako baldintza egokiagoak utzi nahi badizkiegu.