Markina-Xemeingo enpresa berriek laguntzak jaso dituzte
Laguntzak emateko ekitaldia egin da gaur [urtarrilak 26] eguerdian udaletxean. 5.000 euro banatu ditu Markina-Xemeingo Udalak ekintzaileen artean.
Azken bi urteetan herrian sortu diren sei enpresa diruz lagundu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Guztira, 5.000 euro bideratu ditu udalak herriko negozio sortu berriei laguntzera. Laguntza horiek emateko ekitaldia egin da gaur [urtarrilak 26] eguerdian udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Laguntza deialdiaren helburua Markina-Xemeinen sortzen diren negozio berriei bultzada eta laguntasuna ematea dela azaldu du Luis Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo alkateak. “Negozio aktibitate berriek herrian aberastasuna sortzen dute eta herritarren laneratzean ere laguntzen dute. Gainera, herritarren iniziatiba eta ekintzailetza ere balioan jarri nahi izan dira”.
Alkateak zehaztu duenez, diru laguntza horiek bateragarriak dira beste erakunde batzuek ematen dituzten laguntzekin. “Gehigarri bat izatea nahi izan dugu, herrian negozio berriak sortzen dituzten ekiltzaileei bigarren bultzada bat emateko”. Horretarako, 2021ean 5.000 euroko diru sail bat gorde zuten aurrekontuetan, eta 2022rako bikoiztu egin dute kopurua, eta 10.000 eurokoa izango da.
Lea Artibai Garapen Agentziaren (Leartibai Fundazioa aurrerantzean) laguntzagaz zehaztu dituzte laguntzak emateko irizpideak. 2020 eta 2021 urteen artean sortu diren eta gutxienez 6 hilabetez martxan dauden enpresak dira diruz lagundu direnak, eta enpresa sortzeko aurreikusitako inbertsioaren zenbatekoa eta sortutako enplegua izan dituzte kontuan. Irizpideak horiek oinarritzat hartuta ondoko enpresa berriak lagundu dituzte:
- Iker Eizagirre– Mugarri taberna 2.033,90 euro
- Koldo Goikoetxea–Kotxe tailerra, 1.059,32 euro
- Zouhair El Mahfoudy– Kotxe salmenta 635,59 euro
- Aintzane Ibazeta – Ileapaindegia, 423,73 euro
- Eneritz Lopez – Satzi irudia eta soinua 423,73 euro
- Jose M. Rekalde – TakoLoko taberna 423,73 euro
Ekintzaile horien guztien ekimena eta ausardia eskertu ditu alkateak udalaren izenean, eta zorterik onena opa die.
Hasiera ona. Orokorrean, ibilbidea ondo hasi dutela adierazi dute ekintzaileek. Lizentziak lortzea izan duela gaitzena azaldu du euretako batek, eta bere ideia bere kontura lan egitea ez bazen ere, COVID-19ak bere enpresa sortzera eraman duela azaldu du beste batek. Orain behar dutena, euren lana ezagutzera ematea dela esan dute, eskaintzen dituzten zerbitzuak herritarrek ezagutu ditzaten.
Ekitaldia publiko egitearen arrazoietako bat hori izan dela azaldu du alkateak, herriko enpresa berrien lana ezagutaraztea: “Ikustea hemen zaudetela eta bazabiltzatela harriak ipintzen, eta udaletik ere zuen lanari bultzada bat ematea”.