Martxoaren 20an Emakume sortzaile eta ekintzaileen V. azoka egingo da Lekeition
Azokan saltokia jarri nahi dutenek otsailaren 8ko 14:00ak arte edukiko dute izena emateko aukera.
Martxoaren 8aren harira Lekeiton antolatzen duten Emakume sortzaile eta ekintzaileen azoka egingo da aurten berriro. Martxoaren 20an egingo da bosgarren azoka, eta bertan parte hartu nahi dutenentzako oinarriak kaleratu ditu Lekeitioko Udalak. Azoka honek, emakumeek egiten duten lana ikustarazi eta indarra ematea du helburu.
Azokan saltokia jarri nahi dutenek otsailaren 8ko 14:00ak arte edukiko dute izena emateko aukera zabalik; oinarriak eta eskari orria, berriz, Lekeitioko Udalaren webgunean eskuratu daitezke. Eskari orria beteta eta eskatutako agiriak, Lekeitioko Udaleko harreran edo posta elektronikoz, lekeitioberdintasuna@gmail.com helbidera idatziz, aurkeztu ahalko dira.
Azoka plazan egingo da, eta gehienez 12 saltoki jarriko dira. Euria edo haizea egingo balu Kontzijopera lekualdatuko dute. Erakusketa eta salmentarako ordutegia 11:30etatik 14:30etara izango da.