Parte hartze handiarekin hasi da Mutrikuko Pala Txapelketa
Mutrikuko Binakako Pala Txapelketa duela bi aste hasi zen bidea egiten. Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek esan dutenez, giro "paregabean" hasi dira jokatzen txapelketa.
34 bikotek izena eman dute txapelketan. “Parte hartze aldetik kopuru polita da. 8 bikote daude 1.mailan, 12 bikote 2. mailan eta 14 bikote 3.mailan. Hiru mailetan, oro har, maila polita duten bikoteek izena eman dute”. Aurten, estreinako, emakumez osaturiko bikote batek ere izena eman duela azpimarratu dute; Maite Mugartegi eta Idoia Arrillaga mutrikuarrek 3. mailan izena eman dute. “Aurretik bikote mistoren bat edo beste izan dugu, baina ez emakumez osatutako bikote bat. Datu hau oso positiboa iruditzen zaigu. Ea hurrengo urteetan emakumez osaturiko bikote kopurua gehitzen doan”.
Ondo errotutako txapelketa da, eta herritarrez gain, beste hainbat tokitako parte hartzaileek izena eman dutela gaineratu dute. “Besteak beste, Tolosa, Orio, Zumaia, Elgoibar, Amoroto, Lekeitio, Ondarroa eta Debako jokalariak batu ditu aurten txapelketak”.
Aste honetan 3. jardunaldia dago jokoan
Egutegia zehaztuta dute antolatzaileek. Dena ondo bidean badoa, ligaxka martxoaren erdialdean amaituko dute eta gero, final-laurdenak eta finalerdiak lehiatuko dituzte. Finalak, berriz, Aste Santu inguruan jokatzea aurreikusi dute. “Miruaitzeko frontisa aldatu egin behar dute. Lanak apirilaren erdialdean hasteko asmoa dagoenez, txapelketa data horietarako amaituta eduki behar dugu”.
Aste honetan 3. jardunaldia dago jokoan. Eguaztenean [urtarrilak 26] jokatu zuten lehen partida; Gurrutxagaren eta Arrietaren aurka neurtu zituzten indarrak Jonpuk eta Garaldek. Zapatuan [urtarrilak 29] eta domekan [urtarrilak 30] beste zazpi jokatzeko asmoa daukate Miruaitz frontoian. Zapatuan, 08:30tik aurrera, bost neurketa jokatuko dituzte. Domekan, ostera, beste bi partida jokatuko dituzte, 09:00etatik aurrera. Iragarri dutenez, partida guztiak 25 tantora izango dira.