Ronan Murphy lekeitiarra, Haszten elkarteko esports taldeko kide
Kirol eta jarduera fisikoaren bidez dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkarteak esports talde bat osatu du. Bideojokoetara jokatzeagaz gainera, jokoaren bidez oztopoak eraistea dute helburu.
Kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen Haszten elkarteak esports edo bideo jokoetan lehiatzen duten talde bat sortu du, eta bost laguneko talde horretako parte da Ronan Murphy lekeitiarra ere.
Pandemiaren konfinamendu garaian, etxeetatik jarduerak egitea bultzatu zuen elkarteak. Youtube eta zoom bidez kirol saio egokituak egin zituzten eta erantzun ona eduki zuten ekimenek, elkarteko kirolariak aktibo mantendu eta pertsona gehiago ere erakarri zituzten. Aisialdirako tartea ere eduki zuten gainera, eta tarte horietan Internet bidezko partidak jokatzen zituzten. Hortik sortu zen ideia. Murphygaz batera daude taldean Diego Alfaro, Unai de Miguel, Ivan Sandonis eta Iker Solaun.
Hilabete honetan egin dute eHaszten taldearen aurkezpena, eta helburuak ere ezagutzera eman dituzte. Helburu nagusia sentsibilizazioa da, baina beste batzuk ere barneratzen ditu proiektuak. Batetik, jokoaren bidez oztopoak eraistea, gizarte errespetuzkoagoa lortzeko, eta horregaz batera dator ziberbullingari garrantzia ematea ere. Baina helburu solidarioa ere badauka, izan ere, proiektua elkartasun izaeragaz sortu dela azaldu dute.
Ikusgarritasuna helburu. Elkarteak mugikortasun murriztua duten beste kirolari batzuekin lan egiten du, Boccia, Slalom eta hockey kiroletan batez ere. Espainiako Txapelketetara joaten dira, eta eurentzako laguntza handia izango litzateke material espezifikoak, bidaiak eta lehiaketak dakartzaten gastuak ordaintzen lagunduko duten funtsak lortzea. Horretarako, amets hori posible egingo duten babesleak, diru-laguntzak eta dohaintzak bilatzen dituzte. Azaldu dutenez, lagunarteko eta promozioko topaketetan parte hartuko dute, eta txapelketa ofizialetan ikusgai izateko asmoa daukate. “Egiten ditugun kirolak ikusarazi nahi ditugu, pertsona guztien gaitasunak erakusteko”, diote taldekideek.
Kirolariak bat datoz esatean “amets bat” litzatekeela ekitaldi solidario batean parte hartzea: “Eta horrela Ibai Llanosek edo Ander Cortesek gu ezagutzea lortuko bagenuke itzela izango litzateke”. Euskaldunan jokatzen duen Bisons Bilboko esports talde profesionalaren mezua ere jaso du taldeak. Eurekin harremanetan jarri ziren etorkizuneko proiekturen batean laguntzeko, eta horrek ilusio izugarria egin zien. Alexander TheLeyz Azeri Klubaren sortzaileak ere kontaktatu du taldeargaz, elkarrekin lan egin ahal izateko.