Ekai Lersundi ondarrutarraren gurasoak saritu ditu Naizen elkarteak
Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Aitzole Araneta sexologo eta berdintasun teknikariak ere jaso dute saria. 'Ipuinetan ez bezala' abestia eta bideoklipa ere estreinatu dituzte.
Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak ekitaldia egin du gaur [urtarrilak 29] Gasteizen, haurren eta gazteen transexualitatearen alde lan egiten duten pertsonei esker ona adierazteko. Sari banaketa egiteaz gainera, Ipuinetan ez bezala abestia eta bideoklipa estreinatu dituzte.
Eguerdian hasi da ekitaldia, eta bertan banatu dira “esparru desberdinetatik haurren eta gazteen transexualitatearen aldeko lan beharrezkoa eta txalogarria egiten ari diren pertsonei” esker ona adierazteko ematen dituzten Naizen Sariak.
Hiru sari banatu dituzte, alde batetik, Naizenek Jose Luis Quintas Osasun sailburuordea saritu du, “Osasun zerbitzuekin egiten duen mezulari lanean azaldutako entzute eta ulermenagatik, zubiak eraikitzeko azaldutako konpromiso pertsonalagatik eta transexualitate egoeran dauden pertsonentzako kalitatezko osasun arreta baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko apustu irmoagatik”.
Elaxar Lersundi: “Ekairen eta gu guztion borrokan jarraituko dugu, aniztasuna ikusarazteko eta trans diren pertsonak ikusarazteko”
Aitzole Araneta sexologo, berdintasun teknikari eta pertsona transexualen aldeko ekintzaileak ere jaso du saria. Esan dutenez, “Naizeneko pertsona askorentzat bizitza duin baten adibidea izateagatik eta haren babesa, laguntza eta maitasuna beti luzatu izanagatik”.
Eta, hirugarren omenaldia Ana Martinez eta Elaxar Lersundiri egin diete, Ekai Lersundiren gurasoei. Sufrimendurik handiena, Ekai semearen heriotza, argi eta gida bilakatzeagatik, eta pertsona transexualen alde azaldutako indar, adore, irmotasun eta jarraitutasunagatik eman diete saria: “Samuraiaren sugarrari bizirik eusteagatik eta Ekairena inoiz ez zela gertatu behar gogorarazteko egiten duten eguneroko borrokagatik”.
Ana Martinez: “Ekai bidean geratu zen, baina gu helmugara iritsiko gara, elkarrekin lortuko dugulako”
Hunkituta eta esker onez hartu dute saria. Lersundiren lehen berbak Ekairentzat izan dira. “Eskerrak ematen dizkiogu bere bizitzako 16 urteetan bere aita eta ama izaten utzi digulako, eta gero, bere guraso izaten utzi digulako betiko. Eskerrak gure bihotzen okupa bihurtu zenetik transmititzen digun indar horrengatik ere bai”. Lersundik gogoan izan ditu baita ere familia, Naizen eta Arantza Ibarra, Izaskun Arandia eta Mi pequeño gran samurai film labur dokumentala grabatzea posible egin zuen pertsona talde osoa ere. “Esker on berezia egunero indarra ematen diguten lagun horiei, nahiz eta euretako asko ez konturatu gugaz egiten ari diren lan onagaz ere”. Eta, amaitzeko, eskerrak eman dizkio euren alaba Iradiri, beti laguntzen ari den gerlaria izateagatik. “Ekairen eta gu guztion borrokan jarraituko dugu, aniztasuna ikusarazteko eta trans diren pertsonak ikusarazteko”.
Hau iraupen lasterketa bat dela adierazi du amaitzeko Martinezek, eta esan du lasterketa guztietan bezala, batzuk lehenak iristen direla, beste batzuk azken eta beste batzuk bidean geratzen direla. “Ekai bidean geratu zen, baina gu helmugara iritsiko gara, elkarrekin lortuko dugulako”.