Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunek Otsagi eta Bortzirietako mendiak argiztatuko dituzte
Gure Eskuk Pirinioen Bidea ekimena aurkeztu du gaur [urtarrilak 29]. 2022ko uztailaren 2an, katalanek eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar.
Erabakitzeko eskubidearen alde lanean ari diren Euskal Herriko eta Kataluniako herri mugimenduek elkarrekin antolatu duten lehendabiziko mobilizazioa aurkeztu du gaur [urtarrilak 29] Bilbon Gure Eskuk. Pirinioetako Bidea mobilizazioaren zehaztasunak eman dituzten aurkezpenean, Gure Eskuko kideez gain, hainbat gonbidatu berezik parte hartu dute: Felipe Uriarte alpinistak, Antton Telleria umoregileak, Garazi Etxaburu dantzariak, Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaileak eta, bideo bidez, ANC eta Omnium Culturaleko presidente Elisenda Paluzie eta Jordi Cuixartek.
2022ko uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. Euskal herritarrek 115 gailur argiztatuko dituzte, hasi Jaizkibeletik eta Benasqueraino (Huesca). Herri bakoitzak gailur bat edo gehiago izango ditu izendatuta. Horrela, izena emateko orduan nongoa zaren jarriz gero, gailur jakin batzuetara edo batera bideratuko du izena emateko aplikazioak. Lea-Artibaiko bizilagunak Otsagi inguruko mendietara joango dira, mutrikuarrak, berriz, Bortzirietara.
Ondorengoa da Lea-Artibai eta Mutrikuko gailurren zerrenda:
- Mutriku: Bortziri E sektorea, Paretazarreta (771m) tontorra.
- Markina-Xemein: Otsagi sektorea, Axurterrigaña (1656m) tontorra.
- Ondarroa eta Berriatua: Otsagi sektorea, Bizkarze (1656m) tontorra.
- Munitibar, Ziortza-Bolibar, Mendexa, Etxebarria, Aulesti, Ispaster, Gizaburuaga eta Amoroto: Otsagi sektorea, Gaztarrigaña (1732m).
- Lekeitio: Otsagi sektorea, Otsogorrigaña (1923m).
Gailur berdeak eta gorriak bereiztu dituzte zailtasunaren arabera. Berdeek ez dute aparteko zailtasunik, eta jende gehienarentzat izan daitezke irisgarriak, beraz, izen ematea irekia izango da. Gorriak, berriz, mendizale trebatuentzat dira egokiak bakarrik eta, beraz, izen ematea mugatua izango da. Lea-Artibai eta Mutrikuko bizilagunei egokitu zizikien mendiak berdeak dira. Gailur berdeetarako izen ematea martxoan jarriko dute martxan eta gorrietakoa dagoeneko martxan dago.
Giza kateetan egin den modura, herrietatik autobusak antolatuko dituzte, eta ahalik eta jende gehien eramango dute mendietara.
Gogoa berpiztu. “Uztailaren 2an, euskal herritarrok 100 gailurretik gora argiztatuko ditugu, baina argi esan behar dugu gure gailurra ez dagoela Pirinioetan, gure gailur edo helburua zortzimilako bat da: herri gogoa berpiztu nahi dugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko”, azaldu du Gure Eskuk. Azpimarratu dutenez, 100 gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuagoa izango da 200 herri aktibatzea. “Mobilizazioak erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika Euskal Herri luze zabalean indartzeko balio beharko du: jende berria batzeko, taldeetan erreleboak emateko eta sarea indartzeko. Munduko nazio guztiek bezala, autodeterminazio eskubidea dugu. Horregatik, prozesu bat egiteko, adosteko eta bultzatzeko beharra aldarrikatzen dugu. Gure etorkizuna erabaki ahal izateko”, adierazi du Amalur Alvarez Gure Esku plataformako bozeramaleak.