Beaskoetxeak eta Aldazabalek irabazi dute B multzoko lehenengo partidua
Jai Alai Winter Series txapelketaren ligaxkaren B multzoko lehen partiduan, Beaskoetxeak eta Aldazabalek bi setak irabazi dizkiete Arberi eta Lopezi. Datorren astelehenean (otsailak 7) A multzoko bigarren partidua lehiatuko dute Erkiaga-Zabala eta Olharan-Etcheto bikoteek.
Merezimendu osoz, eta bi setak irabazita ( 11 eta 15/9 eta 15) nagusitu ziren Diego Beaskoetxea gernikarra eta Ibon Aldazabal berriatuarra bart, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra jokatu zuten Jai Alai Winter Series Txapelketaren 2. jardunaldia. Hain zuzen, B multzoko lehenengo partidua izan zen atzokoa [urtarrilak 31].
Erakustaldia eman zuen Beaskoetxea etxeko pilotariak; bera nabarmendu zen lauren artean. Erasokor, alai jokatzen, konfiantzagaz, eta ia denean asmatzen. Ikusgarri. Distiratsu. Maisutasunez ikuskizuna eskaini zuen.
Iaz udako denboraldian hiru torneo ( Hondarribia, Markina-Xemein eta Bartzelona) poltsikoratuta, Arbe eta Lopez ziren faboritoak, baina ez zen euren eguna izan.
Lehenengo seta nahikoa parekatua izan zen, eta markagailua iraulita irabazi zuten urdinek. 9 eta 8an aurreratu ziren lehenengoz gernikarra eta berriatuarra, eta bederatzina berdindu ostean, abantailari eutsi zioten.
Aldazabal behetik gora joan zen partiduan. Apur bat urduri hasi zen. Huts batzuk egin bazituen ere, ondo eutsi zion Lopezi, eta momentu oso onak eduki zituen. Beaskoetxea izan zen kantxako erregea. Arbek ez zuen bere jokoa egiteko aukerarik eduki, ez zen eroso aritu. Lehenengo seta piloteatua izan zen.
Bigarren setaren hasieran nahikoa berdinduta egon ziren. Urdinak aurretik joan ondoren, 6 eta 5 aurrea hartzea lortu zuten gorriek, baina, Aldazabalek eta Beaskoetxeak ez zuten etsi. Zortzina berdindu ostean, azken tantora arte nagusi izan ziren gernikarra eta berriatuarra.
Estatiskiei erreparatuta, 410 pilotakako partidua izan zen. Horietatik 124 egin zituen Lopezek, eta 76 izan ziren Arberenak. Bikote irabazleak 210 egin zituen (104 eta 106). Beaskoetxeak hamasei tanto egin eta hiru galdu zituen. Lopezek eta Aldazabalek hiruna tanto egin zituzten; Lopezek bost galdu zituen eta Aldazabalek bederatzi.
Ehunka zale. Astelehen gauetan ETB 1en eskainiko dituzte partidu guztiak, eta deialdi ofizialik ez badago ere, sarrera librea da. Atzo 300 pertsona batu ziren.
Datorren astelehenean (otsailak 7) A multzoko bigarren partidua lehiatuko dute Erkiaga-Zabala eta Olharan-Etcheto bikoteek.
Hain zuzen, otsailaren 28ra jokatuko dituzte kanporaketaren sei jardunaldiak. Martxoaren 7an eta 14an izango dira finalerdiak, eta martxoaren 20an finala. Multzo bakoitzean puntu gehien pilatzen dituzten bina bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago finalaurrekoetan.