Udan hasiko dituzte Lekeitioko futbol zelaia eraberritzeko lanak
Berdegunean belar berria jarri eta aldagelak ere berrituko dituzte besteak beste. Lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
Larrotegiko futbol zelaiaren hobekuntza lanekin jarraituko du aurten Lekeitioko Udalak. Obrak bi fasetan egiten ari dira; iaz hasi ziren lanen lehenengo zatiagaz eta bigarren faseko lanak aurtengo udan egingo dira, ekainean eta uztailean.
Iaz harmailak, aulkiak, argiteria eta ureztapen sistema berriztu zituzten, eta aurten berdegunea handitu ahal izateko beharrezko ziren aurretiazko lanak egin zituzten. Aurten, berriz, alde batetik, jokalekuaren belar zaharra kendu eta berria jarriko da, ekipamendua (ateak eta markagailua) eta aspertsoreak berrituko dira eta jokalekuaren oinarria egokituko da.
Bestalde, aldagelen eraikina ere egokituko dute. Azaldu dutenez, dutxetako sakagailuak eta hustubideak aldatuko dituzte, eta eserleku zein ateak berrituko dituzte. Kanpoko partea ere egokituko dute. “Kanpoaldetik, egitura metalikoa eta hormak margotuko dira, megafonia instalazioa berriztu, larrialdietako argiak jarriko dira, ureztatze sistemarentzako presio talde bat instalatuko da eta aldagelen aurrealdeko espaloia handituko da”.
Udalaren aurreikuspenen arabera, lanek hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta gutxi gorabehera 455.000 euroko kostua izango dute. Lanen lizitazioa orain aterako du udalak. “Iaz egindako lanak kontuan izanda, guztira bi fasetan futbol zelaian 625.000 euro inguruko inbertsioa egingo da”.