Ziurtagiriaren luzapena bertan behera utzi dute epaileek
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du ontzat jo ziurtagiria otsailaren 13ra arte indarrean egotea, ez eta eremu gehiagotara zabaltzea ere. Epaileek esan dute Jaurlaritzak ez duela nahikoa ondo azaldu zertan den ziurtagiria eraginkorra «kutsatzeak murrizteko».
EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du COVID ziurtagiria bi astez luzatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, bai eta eremu gehiagotara hedatzeko eskaera ere. Luis Garrido epailea buru den auzitegiaren aretoak kaleratu duen autoaren arabera, Jaurlaritzak ez du «behar bezala justifikatu» neurria eraginkorra dela; zehazki, esan du gobernuak ez duela nahikoa ondo azaldu zertan den ziurtagiria eraginkorra «kutsatzeak murrizteko».
Orain, COVID ziurtagiria derrigorrezkoa da erakustea 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian; izan ere, toki horietan eskatzeari oniritzia eman zion abenduan Espainiako Auzitegi Gorenak, eta neurriak ez du epe mugarik.
Jaurlaritzaren erantzuna. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du errespetatu arren ez duela bat egiten EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin, eta gaineratu dute zerbitzu juridikoak autoa aztertzen ari direla egin beharreko urratsak aztertzeko. Jaurlaritzak hiru egun ditu ebazpenari kasazio helegitea aurkezteko. Jaurlaritzaren ustez, egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta eta Labik hartutako erabakiari jarraikiz, prebentzio neurriei eutsi egin behar zaie kontuan hartuta mugakide diren beste erkidegoetan antzeko neurriak hartu direla epaileen baimenarekin. Hori hala, Jaurlaritzak ez du «ulertzen» zein den epaileek erabilitako «logika» neurriak aldi baterako luzatzea baztertzeko eta gaueko aisialdian neurriari eusteko.
Joan den barikuan Jaurlaritzak baimena eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari ziurtagiriaren derrigortasuna otsailaren 13ra arte luzatzeko, eta orain arteko establezimenduetan eskatu ez ezik hoteletara, turismo ostatuetara eta joko aretoetara ere zabaltzeko. EAEko Fiskaltza ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzearen alde agertu zen, baina ez zuen ontzat jo eremu gehiagotara zabaltzea. EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, Jaurlaritzaren eskaera biak bota ditu atzera.
Auzitegiak esandakoa: “Intzidentzia jaisten ari da. Beraz, nekez justifika daiteke oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat espazio berrietara zabaltzea”
Adostasun eza. Ziurtagiriaren erabilera beste bi aste luzatzeko eskaeraren inguruan, epaileek esan dute zientzialarien artean ez dagoela erabateko adostasunik neurriaren inguruan, eta, beraz, Jaurlaritzak «hobeto justifikatu» beharko lukeela hura beste bi astez erabili ahal izateko eskaera. Epaiak dio abenduan ziurtagiria ostalaritzara zabaldu zenean ez bezala, orain pandemiaren bilakaera hobera ari dela egiten nabarmen, omikron aldaera kutsakorragoa izan arren ez dela beste aldaera batzuk bezain larria, eta 18 urtetik gorako herritarrak errefortzu dosia ari direla hartzen. Ziurtagiriaren erabilera bertan behera uzteak berekin dakar hura eremu gehiagotara zabaltzeko eskakizuna ere. Hala ere, epaileek azken neurri hori atzera botatzeko argudioak ere eman dituzte: «Intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa, aurreko arrazoibide juridikoan adierazi dugun bezala, nabarmen jaisten ari dira; beraz, nekez justifika daiteke oinarrizko eskubideak murrizten dituen neurri bat espazio berrietara zabaltzea».