Martxan dago Markina-Xemeingo Aringa-Aringa Kirol Kluba
Taldean parte hartzeko gonbita egin du taldeak. Oraingoz 18 urtetik 60 urtera arteko 30 lagun bildu dira.
Markina-Xemeingo hainbat korrikalari elkartu eta Markina-Xemeingo Aringa-Aringa Kirol Kluba sortu dute. Herri lasterketak –kros, maratoi, maratoi erdi, 10 km, Behobia…– mendi lasterketak edo mendi trailetan ibiltzen diren aringa-aringalariek erabaki dute bakoitza bere kontura ibili beharrean, batera aritzea.
Antolatu duten lehenengo ekintza 2021eko Markina-Xemeingo San Silbestrea izan da eta, jakitera eman dutenez, urrian Zapola, Urregarai eta Bedartzandi inguruetan mendi lasterketa bat antolatzeko asmoa daukate.
Taldea irekita dagoela azpimarratu dute, eta horregatik sortu berri duten taldean parte hartzeko aukera eskaini nahi diete Markina-Xemein eta inguruko kirolariei. Taldekide izan nahi dutenek mxaringaringa@gmail.com helbidera idatzi dezakete taldekide izateko edo informazioa eskatzeko. “Momentuz, 18 urtetik 60 urtera arteko 30 lagun bildu gara, 18-25 urte bitarteko gazte mordoa tartean”. Otsailaren 11 da izena emateko azken eguna.
Taldekide izatearen abantailak ere zehaztu dituzte:
- Entrenatu eta lasterketetara elkarrekin joan. WhatsApp taldea daukate horretarako.
- Lagunarteko giro ezin hobe baten parte izan.
- Talde moduan, kolore berdinekin lasterketetan parte hartu. Hau da, Markina-Xemeingo taldean.
- Diru laguntzak lortuz gero, diru hori taldeko arropak ordaintzeko erabiliko dute, eta 2022rako badaukate jada laguntza bat.
Taldekide izateko baldintzak aringa-aringa egiteko gogoa edukitzea eta 30 euroko bazkide kuota ordaintzea dira.