Iban Gandiaga prest, Beteranoen Txapelketagaz jarraitzeko
Beteranoen Eskupilota Txapelketako bi partida jokatuko dira domekan [otsailak 6] Lekeitioko Trinketean. Txapelketa ordaintzeko otzara baten zozketa antolatuko dute.
Beteranoen Banakako Eskupilota Txapeketako partida bi jokatuko dira domekan [otsailak 6] Lekeitioko trinketean. 10:00etan hasiko da lehenengo partida eta 11:00etarako programatu dute bigarrena.
Lehenengo norgehiagokan Rober (Bergara)-Egaña (Mendaro) eta Malax (Mendata) / Madariaga (Eibar) bikoteak aurkituko dira aurrez aurre. Antolatzaileen esanetan partida orekatu eta polita izan daiteke bikote biak sasoi onean daude, eta irabazleak azken aurrekoetarako sailkapen zuzena lortuko du, gainera.
Bigarren partida Jaunarena (Gartzaron-Nafarroa)-Pradera (Mallabia) eta Gandiaga anaien artekoa izango da. Iban Gandiagak min hartu zuen azkenengo partidan, baina ondo sendatu dela jakitera eman dute, beraz, Lekeitioko Trinketean egongo da domekan. Gandiaga anaiak 2020. urteko txapeldunak dira, eta beraz, aurtengo txapela lortzeko faboritoen artean daude.
Hala ere, domekan, bikote seguru bat izango dute aurrean. «Jaunarena Eñaut nahasten saiatuko da aurrean, eta Pradera, hiru astez geldi egonda lesio baten ondorioz, izan daiteke fresko etortzea eta Ibanen pilotakadak ondo eustea. ezustekoa eman dezakete».
Otzara. Beste alde batetik, txapelketaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ere txapelketa ordaintzeko otzara baten zozketa antolatuko dute. «Ikusgarria da eta Trinketeko tabernan dago ikusgai. Gainera, aurten, tabernan erosten dutenak saritzeko, otzara nagusiaz gain, eurentzako bakarrik beste otzara txiki bat egongo da». Otzara biak txapelketaren finalean zozketatuko dituzte.