Julen Hernando: "Iazko finalean itzelezko haserrea hartu nuen Bekogaz eta Binbigaz"
Etxebarrikoa abentura kiroletako gidari eta monitorea da. Azkenaldian, ikasle bereziak izan ditu; EITBko ‘El Conquistador del Caribe’ programako lehiakideak.
Zelan hasi zinen Conquis-era zihoazen lehiakideak entrenatzen?
Guk webgunean daukagu jarrita Leaktibain ikastaroak ematen ditugula bai rappel edo jumar edo pixka bat teknikoak diren kiroletakoak, eta Iker Salinas aurreko urtean egon zen parte hartzaileak, Patxi Salinasen semeak, deitu zidan jumar egiteko ikastaro bat egin nahi zuela esanez. Berehala igarri nion nora joan nahi zuen, baina asko interesatzen zitzaiola esan zidan disimulatu nahian. Iparrorratzagaz edo bi zutabe arteko sokan gora zelan konponduko zen galdetu nion eta, azkenean, Conquis-era zihoala onartu zuen. Antsotegira etorri zen, eta egun oso bat egin zuen bertan entrenatzen.
Zelako entrenamendua egin zenuten?
Niri ere programa gustatzen zait, eta probak gustuko ditut. Hain zuzen ere, gustatzen zait proba horiek hartu eta nik hemen aprobak egitea. Bideo pila bat ere ikusi genituen aurreko urteetan egin zituzten probak ikusteko. Feeling ona sortu zen gure artean, eta jumarrak ere utzi nizkion, programara joan aurretik erabiltzeko. Joan zen programara eta ondo moldatu zen. Harreman oso ona egin genuen, eta bere bidez Binbi eta Beko ere etorri ziren. Iazko programaren finala jokatu aurretik, COVIDaren ondorioz etxera ekarri zituzten finalistak, eta gero itzuli ziren finala jokatzera.
Tarte hori aprobetxatuko zuten entrenatzeko.
Ikerrek esan zien finalean zeuden Beko eta Binbiri niregana etortzeko, eta aurtengo lehiaketan dagoen Iban ere etorri zen. Ikerrek esan zion aurten lehiaketen parte hartu nahi bazuen, ondo etorriko zitzaiola hona etortzea gauzak zelan doazen ikusteko. Hemen egon ginen bideoak ikusi eta proba denak egiten. Jumarra era batera eta bestera, tirolina gora, behera, korapiloak… Joan ziren finalera eta itzelezko haserrea hartu nuen Bekogaz eta Binbigaz; Beko iparrorratza galduta, Binbi zorabiatuta eta botaka. WhatsApp talde bat ere bageneukan Iker, Beko, Binbi eta laurok, eta dena komentatzen ibili ginen hortik.
Ibanek eskerrak eman dizkizu programan.
Ikaragarrizko poza eman zidan. Ibanek, Binbi eta Bekogaz batera entrenatzera etorri zenean esan zuen lau urte zeramatzala programako hautaprobetara aurkezten, eta aurtengo programarako hartuko zutela espero zuen. Azkenengo deitu zidan esanez hartu zutela eta prestatu nahi zuela. Aurtengo Conquis-eko lau pertsona entrenatu ditut. Ibanegaz batera, Ikerren bitartez, Arruti etorri zen, baita Ikerren neska lagunaren lagun handia den Andrea, eta Ainhize Antzuolakoa ere bai. Gerra emango dute, gogorrak dira eta.
Eta zehazki, zer da egiten duzuena?
Jumar egiteko asmoz etortzen dira, baina ni ahalik-eta proba gehien egin dezaten ahalegintzen naiz. Hala ere, jumarragaz hasten gara, denak egoten dira-eta urduri jumarra prestatzeko. Jumarra egiteko hiru era daude: Ahal da pedal bigaz, pedal bat behean jarrita eta beste hanka libre edo pedal bat goian jarrita. Nik hiru moduak erakusten dizkiet, errazenetik gaitzenera. Trikimailu batzuk ere erakusten dizkiet eta zelan jarri ere bai, posizioak. Askotan indarrera doaz, eta ez da indar askogaz egin behar, teknikoagoa da.
Eta jumarragaz gainera, zer?
Eskalada apur bat ere egiten dugu hemen daukagun horman, eta landan daukagun multiabentura zirkuitua begiak zarratuta zeharkatzen jartzen ditut, begiak itxita proba asko egiten dituzte-eta lehiaketan. Labirintu bat ere badaukat muntatuta, eta hor ere ibiltzen dira. Iparrorratza erabiltzen ere irakasten diet, matematikak kenduta, beste dena. Gantxo bat daukat sokagaz praktikatzeko. Proba pila bat daude soka ondo oratuta eduki behar direnak, soka zelan oratu eta eskuan dena ondo ordenatuta edukitzen erakusten diet, baita korapiloak ondo egiten ere. Horretarako bideoak ere bidali nizkien eta kordel zati bat eman nien, etxean zeudenean entrenatzeko. Aurten, pioletekin eta granpoiekin arbola bat eskalatzen ere jarri ditut. Nik egiten dudana da programako probak hartu eta horiek landu.
Telebistako lehiaketan jartzen dizkieten probak diruditenak moduko gogorrak dira?
Oso gogorrak dira, gainera, daukaten egoera ez da erraza, jan barik daude, ia lo egin barik, eta horrelako probak horrela egitea gaitza da. Ikusten da, gainera, ez dietela erraz jartzen, korapilatu egiten dituzte probak zailagoak izateko. Errazena dirudienak ere bere teknika dauka. Esate baterako, 100 metroko tirolina bat ez badakizu ganoraz egiten pila bat indar galduko duzu eta errementatu egingo zara. Askotan hobe da trebezia indarra baino. Normalean jumarretan ibiltzen direnak jumar errazena egiten dute, baina programan gaitzena jartzen dute, ez dira ohiko eskalada teknikak. Asko doaz jumarra eginda, baina, agian ez era horretan. Nik amarru batzuk ere erakusten dizkiet zailtasun horiei aurre egiten jakiteko. Iker etorri eta gero, Conquis-eko moduko ginkana bat antolatu genuen, eta kuadrilla pila etortzen dira probak egitera. Taldeak eginda eta kamisetekin etortzen dira, urdin berde eta gorri, eta hasi aurreko esaldiak ere pentsatuta.
Zeintzuk jolas egiten dituzte kuadrillek?
Azkenengoan egin genuen bat izan zen bi zutaberen bitartean gora igo, iparrorratz bat hartu, eragiketa matematiko bat egin eta horrek ematen zizkizun graduak. Behin graduak edukita, esandako pausoak eman behar dituzte norabide horretan dagoen suharri baten bila joateko. Suharria hartu, itzuli, sua egin, argi zuzi bat sortu eta enbor baten gainean taldekide bat eroan behar dute argi zuziagaz goian beste leku batean dagoen balde bat pizteko. Pila bat gozatzen dute. Labirintoa egiten arrastaka dabiltzanean ilea hartzen diet «Binbi ematen duzue!» esanez, eta barre pila bat egiten dute.
Eta non ikasi duzu zuk hori guztiori?
Mendi eta arroila gidaria naiz, eta horretarako auto erreskate azterketak egin behar dira. Guk teknika horiek baino gaitzagoak erabiltzen ditugu, esate baterako, jumarrik ez dugu erabiltzen, zinta bat erabiltzen dugu bakarrik. Proba gogorrak gainditu behar dira gidari izateko, mendian zer edo zer gertatuz gero sokak zelan erabili ezagutu behar duzu, adibidez.
Abenturazalea izanik, zu ere joango zinen kirol abentura desberdinak egitera.
Perura joan ginen orain dela pare bat urte. Lagunagaz geratu nintzen bi urtetik behin horrelako abentura bidaia bat egiteko. 2017an joan ginen eta 2019an ezin izan genuen egin, eta hortik aurrera pandemia eduki dugu. Aurten Pakistanera joatekoak ginen. Bizikletak hemendik eroan, bizikletan bidaiatu eta, gero, han oparitu eta mendira joan. Pakistanen ez dakigu zenbat elur dagoen eta, beraz, orain, Nepalera joatea erabaki dugu apirilean. Eskalatu egingo dugu. Azoresera joateko ere baginen arroilak egitera, baina pandemiagatik ez gara joan.
Zuri Conquis-era joatea gustatuko litzaizuke?
Programara ez nintzateke joango; bera abentura bizitzera joatea gustatuko litzaidake, baina telebista barik. Hori bai, bertako probak prestatzea bai gustatuko litzaidake. Gauza gaitzak jarriko nizkieke lehiakideei (barrez). Honako ere hainbat proba pentsatzen ibiltzen naiz, denbora guztian daukat burua martxan.