La Palmako erupzioari buruzko hitzaldia emango dute Ondarroan
Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Kanaria uharteetako La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendiaren erupziari buruzko La Palmako erupzioa. Geologiarekiko jakinmina pizten denean hitzaldia eskainiko dute martitzenean [otsailak 8]. Saioa 18:30ean hasiko da, Kofradia Zaharrean. Hizlariak Arturo Apraiz Atutxa, Fernando Sarrionandia-Ibarra Egidazu eta Ainhoa Alonso Olazabal geologoak izango dira.
Antolatzaileek esan dutenez, bertaratzen direnen jakinmina asetzeko asmoagaz prestatu dute hitzaldia. “La Palmako sumendiak eztanda egin zuenetik asko izan dira telebistan ikusitako irudiak eta entzundako azalpenak. Horrek guztiak izugarrizko jakinmina piztu du prozesu bolkanikoen inguruan, agian inoiz baino gertuago egokitu zaigulako”.
Hitzaldia munduan zehar gertatzen diren prozesu bolkanikoen jatorria aztertuaz hasiko dute, eta, ostean, mota desberdinetako prozesu bolkanikoei buruzko azalpenak emango dituzte. “La Palmako Cumbre Vieja sumendiaren ezaugarri propioak ere deskribatuko dira. Amaitzeko, sumendien leherkortasun indizearen araberako arrisku bolkanikoak aztertuko dira, eta La Palman arrisku horiek aurreikusteko geologoek burututako lanen nondik norakoak aipatuko dira”.
Antolatzaileek ohartarazi dutenez, aforo mugatua egongo da eta COVID-19aren aurkako neurriak zorrotz beteko dira. Nahitaez COVID pasaportea erakutsi beharko da aretoan sartzeko, maskara soinean eramatea ere derrigorrezkoa izango da eta aulkiak ere ezingo dira mugitu. Bertaratu ezin dutenek, ohi modura, antolatzaileen YouTube kanaletik jarraitu ahal izango dute zuzenekoa.