Lea-Artibai eskualdea Bizkaian erreferente izateko lan egingo du Leartibai Fundazioak
Gaur [otsailak 3] goizean egin dute erakunde berriaren aurkezpena Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean. Eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apostua berretsi eta indartzeko sortu da erakunde berria.
Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikorako erakunde berria aurkeztu dute gaur [otsailak 3] Markina-Xemeinen. Leartibai Fundazioak eskualdearen garapen ekonomikoaren aldeko apustua berretsi eta indartzea du helburu. Horrela, eskualdeko garapen ekonomiko alorrean zeresana duten ordezkariak batu dira Lea-Artibai Berrikuntza Gunean egindako aurkezpen ekitaldian: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatua, Cristina Mugika Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko Zuzendari Nagusia, Lea-Artibai eskualdeko 12 udaletako alkateak, Luis Egurrola Leartibai Fundazioko Lehendakaria eta Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko Zuzendaria, besteak beste.
Luis Egurrola: “Eskualde txikia gara bai, baina bat eginik indartsuago gara, gure txikitasunetik bat eginda handiagoak gara eta asko dugu esateko, asko dugu eskaintzeko”
Leartibai Fundazioa erakunde publiko eta pribatuak batzen dituen fundazioa dela azaldu du Leartibai Fundazioko lehendakariak, izaera eta helburu anitzak dituzten erakundeen arteko oreka bermatuz sortutakoa. “Indarrak batuta, sinergiak aprobetxatuz, elkar elikatuz eta elkarrekin eraginez indartsuago garelako. Eskualde txikia gara bai, baina bat eginik indartsuago gara, gure txikitasunetik bat eginda handiagoak gara eta asko dugu esateko, asko dugu eskaintzeko. Eta norabide horretan lan egiteko gure konpromisoa berretsi nahi dugu gaurkoan”.
Fundazioaren jarduna. Leartibai Fundazioko zuzendariak azaldu duenez sei lan lerro izango ditu aurten fundazioaren jardunak: ekintzailetza, industriaren lehiakortasuna, merkataritza, turismoa, enplegua eta landa eremuaren garapena. “Ekintzailetzaren helburua da Lea-Artibai eskualdean balio erantsi handiko jarduera ekonomiko berriak sustatzea, eta baita talentua sortu, mantendu eta erakartzea. Gure helburua aurtengo urtean, ekintzailetzaren bidez 50 lanpostu berri sortzea da”.
Beraien lehiakortasuna hobetu asmoz, 25 enpresa industrialekin lan egin nahi dutela era gaineratu du. “Beraiekin berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri duten proiaktuak garatuko ditugu. Horrez gain, erakunde publikoak eskaintzen dituzuen programak eta diru laguntzak oso ondo ezagutzen ditugu, eta eskualdeko enpresak dituzten beharrizanak ere bai, eta lotura lana egingo dugu”.
Ainhoa Arrizubieta„ “Urrutira begirako egitasmo bat da hau, eta egitasmo hori jantzi behar dugu proiektuekin”
Tokian tokiko merkataritza bultzatzea ere izango dute ardatz, eta horretarako eskualdeko hiru merkatari elkarteekin ari dira lanean. “Gure herriak merkatalgune bihurtu nahi ditugu, eta horretarako dendaz denda ibiliko gara. Helburu bezala jarri dugu 40 dendatan eskaintza berritzen laguntzea”.
Leartibai Fundazioko zuzendariak gogoratu duenez, eskualde mailako Turismoko plan estrategiko bat daukate martxan, denen artean definitutakoa, eta horretan ari dira lanean, Lea-Artibai helmuga erakargarri modura diseinatzeko. “Turismo sektoreko 40 enpresa txikirekin egingo dugu lana, produktu turistikoak diseinatzeko”.
Esan duenez, enplegu arloan lanean dabiltzan erakundeei laguntzea ere izango da Leartibai Fundazioaren lana. “Gure lana erakunde horreri laguntzea izango da euren zerbitzua eta eskaintza osatzen. Denen artean langabezian daudenei zerbitzu integral bat eskaini ahal izateko eskualde honetan”. Eta, azkenik, eskuldean dagoean landa garapenerako elkartearen kudeaketa ere Leartibai Fundaziotik eramango dute. “Landa eremu honen erronkak geureak egiten ditugu”.
Baina, sei lan ildo horien azken helburua Lea-Artibai eskualdeko herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea dela azpimarratu du Arrizubietak, “garapen ekonomikoaren bidez”. Eta hori guztiori ez dela nahikoa esan du. “Urrutira begirako egitasmo bat da hau, eta egitasmo hori jantzi behar dugu proiektuekin. Proiektuak definitu behar ditugu denen artean, Lea-Artibai eskualdea Bizkaian kokatuko duten proiektuak. Indartsu izan behar gara Bizkaian”.
Unai Rementeria: “Beste eskualde batzuk zuen isla izatea nahiko nuke”
Azaldu duenez, eskualdeko plan estrategikoa ere egiten hasi dira, eta plan estrategiko horren helburua Lea-Artibai Bizkaian erreferente egingo duten garapen ekonomikoko proiektu traktoreak identifikatzea izango da.
Eredu. Lea-Artibai eskualdea eredutzat jarri du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta eskualdean egindako hobekuntzak eta aurrerapauso guztiak aitortu ditu. “Eskualdetik eskualdera ibiltzen gara Aldunditik, eta badakit eskualde bakoitza diferentea zaretela, baina hona etortzen naizen bakoitzean beti ikusten zaituztet bizi bizirik udalerrietan, enpresetan, formakuntzan, berrikuntzan, eta niri gustatuko litzaidake beste eskualde batzuetan ere halakoak gertatzea. Ikusten da zuek daukazuen konpromezua eta konpromezu hori mantendu egin behar duzue. Beste eskualde batzuk zuen isla izatea nahiko nuke”.
Leartibai Fundazioa sendotasun bategaz jaio dela esan du Rementeriak: eskualdearen garapen ekonomikoaren bisio integral bategaz. “Bertoko berrikuntza, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoa sustatzen duzue, baina ez zarete ahazten hain gurea den lehen sektoreaz, ez zarete ahazten turismoaz ezta ere merkataritzaz, beharrizana baitaukagu horretan ere”.