Datorren astetik aurrera ez da nahitaezkoa izango kanpoaldean maskara erabiltzea
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak martitzenean [otsailak 8] onartuko du aire zabalean maskara erabiltzeko derrigortasuna bertan behera lagako duen dekretua; abenduaren 22an ezarri zuten agindua.
Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak gaur [otsailak 4] goizean eman du erabakiaren berri, SER irratian egindako adierazpenetan. Adierazi du bilakaera epidemiologikoa hobetu izanak emango duela modua maskarak kalean nahitaezkoa izateari utz diezaion. “Zuhurtziazko neurria zen, eta adierazleek beste neurri bat aholkatzen zuten arte eutsiko geniola esan genuen. Duela aste batzuetatik adierazle guztiak hobetzen ari dira”, azaldu du ministroak.
Iragarri duenez, neurria eguenean [otsailak 10] sartuko da indarrean, eguaztenean [otsailak 9] Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Ministroen Kontseiluak onartu baino lehen, baina, lurralde arteko ezohiko Osasun Kontseiluan eztabaidatuko dute gaia astelehenean [otsailak 7], eta hor hartuko da erabakia. Nolanahi ere, gogorarazi dute espazio publiko itxietan derrigorrezkoa izaten jarraituko duela maskara erabiltzea, orain arteko baldintza berberetan.