Historiari buruzko zikloa antolatu dute Mutrikun
Otsail historikoa izenburupean bi ekintza antolatu ditu udalak: biografia historiko bati buruzko hitzaldi bat eta gertaera historiko bati buruzko dokumental baten proiekzioa.
Eguaztenean [otsailak 9], 18:00etatik aurrera, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan, Al servicio de la causa vasca: Biografia de F.J. Landaburu bere azken liburua oinarri hartuta hitzaldia emango du Leyre Arrieta historialari mutrikuarrak. “Deustuko unibertsitateko irakasle eta ikerlari mutrikuarrak duela hilabete batzuk Landaburu politikari nazionalistaren biografia osatzen duen ikerketa liburua aurkeztu bazuen ere, oraingoan herritarrei aurkeztuko die hitzaldi formatuan”.
Hurrengo eguaztenean, otsailaren 16an, berriz, Apaiz Kartzela film dokumentala proiektatuko dute, 18:00etatik aurrera, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. Saioa ez dela proiekzio hutsean geratuko esan dute. “Ritxi Lizartza dokumentalaren zuzendarietako bat eta Xabier Amuriza, protagonistetako bat, bertan izango dira. Lehendabizi, dokumentala aurkeztuko dute, eta amaitzean, mahai ingurua egongo da”. Dokumentala Donostiako Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldian estreinatu zuten iaz, eta frankismo garaian Zamorako espetxe konkordatuan preso egon ziren abadeen borroka kontatzen du, haien lekukotzen bitartez.