Eskola publikoetako ordezkapen guztiak betetzea eskatu dute ikastetxeetan
Elkarretaratzeak egin dira gaur [otsailak 7] goizean ikastetxeetako atarietan, sukaldarien, garbitzaileen eta haurreskolako eta heziketa bereziko langileen egoera salatzeko.
Aurrez aurreko eskolak bermatzeko ordezkapen guztiak bete orain lelopean, eskola publikoko kolektibo feminista eta prekarizatuenen egoera kalera atera dute gaur [otsailak 7] goizean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Ikasle zaurgarrienek eta haien familiek behar duten arreta ez dutela jasotzen salatu dute.
LAB Irakaskuntzak deituta, batez ere sukaldean, garbiketan, haurreskola partzuergoan eta heziketa berezian aritzen diren langileen egoera salatu dute eskolen atarietan. Hezkuntza Sailari eskatu diote ardurak hartzeko eta ordezkapenak betetzeko.
Markina BHIn ere egin dute protesta, eta azaldu dute ikasturtea hasi zenetik beranduegi heltzen ari direla ordezpenak eta ikastetxeak eurak ari direla ordezkapen horien «pisua» bere gain hartzen.
LAB Irakaskuntzak azaldu du, Hezkuntza Sailaren arabera, ez dagoela ordezkapenak egiteko langile nahikorik. «Irakasleekin ez bezala, Jaurlaritzak oraindik ez du martxan jarri kolektibo hauen ordezkapenak banatzeko programa informatikoa».
Pandemiak are gehiago azaleratu ditu «ikusezinak» diren kolektibo horien lana. Garbitzaileak, esate baterako, pandemiaren hasieran funtsezko langile bezala izendatu zituzten, baina gaur egun haien hutsunea betetzen ez dela salatu dute. Egoera berean daude sukaldariak. Ordezkapenak ez betetzean, ikastetxeetako zaintzak egunero aldatzen dira. Haurreskola partzuergoko eta heziketa bereziko langileen kasuan, hainbatetan ordezkapen horiek ez direla «inoiz» heltzen salatu dute.
Osakidetzan grebak. Osasungintzan ere kalitatezko zerbitzua eskatzeko mobilizatuko dira berriro. Satse, ELA, LAB, CCOOk eta UGTk bi greba egun deitu dituzte, otsailaren 25ean lehen arretan eta 28an Osakidetza osoan. Tartean, hilaren 26an, manifestazioak egingo dituzte Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Osakidetzari eskatu diote «jarrera aldatzeko eta langileen aldarrikapenak entzuteko».