Mikel Iriondo igerilari ondarrutarrak Espainiako beste bi errekor hautsi ditu
Master mailako 160 kategorian hautsi ditu errekorrak, 4x50 eta 4x100 krol errelebo probetan. Getxoko igerilekuan jokatu zen Bizkaiko Master Txapelketan lortu zuen balentria, Swim Camp Getxo kirol elkarteko Mikel eta Iñaki Bildosola anaiekin eta Beñat Elorriaga taldekideekin batera.
4×100 krolean, esaterako, 2020ko urtarrilean Oliver Planesek, Marc Lacasak, Fidel Gonfausek eta Daniel Moralesek Sabadellen ezarritako marka segundo eta erdian hobetu dute; bizkaitarrek 3 minutu, 34 segundo eta 95 ehuneneko denbora ezarri dute orain. 4×50 krolean, berriz, 2009ko urtarrilean Joaquin Bofillek, Carles Barberak, David Presasek eta Francesc Collek Gijonen ezarritako denbora bi segundotan hobetu dute; 1 minutu, 36 segundo eta 68 ehuneneko marka ezarri dute orain.
Ipinitako bi helburuak gaindituta pozik agertu da ondarrutarra. “Markak haustea erreza dela dirudi, baina horren atzean lan asko dago”. Hirugarren uretaratu zen proba bietan. “Mikel Bildosola uretaratu zen lehendabizi, atzetik Iñaki bere anaia eta Beñat Elorriaga azken uretaratu zen. Proba bietan hurrenkera bera jarraitu genuen”.
Duela bi eta hamahiru ezarritako errekorrak haustearen kontua duela bi hilabete inguru bururatu zitzaiela gaineratu du. “Gure kontura entrenatzen gara normalean, baina bakoitzak egiten genituen markak ikusita, eta aurretik zer marka zeuden ezarrita ikusita, markak gainditu genitzakeela iruditu zitzaigun; Bizkaiko Master Txapelketa horretarako aukera aproposa zela iruditu zitzaigun”.
Markak “nahikoa erraz” lortu badituzte ere, lortzeko markarik zailena 4x100ekoa izan zela aitortu du. “4×100 marka gainditzea gehiago kostako zitzaigula uste genuen, baina dena ondo atera eta azkenean lortu genuen. Goizean lortu genuen marka hori, eta arratsaldean 4×50 markaren bila gogotsu uretaratu ginen”.