Ondarroa Arraun Elkartea, nagusi Sestaon
Gizonezkoetan indar erakustaldi «ederra» emanda irabazi dute. Emakumezkoetan ere bigarren postua lortu dute ondarrutarrek.
Kaiku arraun taldeak antolatuta, Julian Enrike Oroimenezko XIII. Traineru Jaitsiera jokatu zen domekan [otsailak 6] Sestaon, eta gizonezkoetan lehiatu ziren hamabost traineruen artean Ondarroa izan zen azkarrena. Antiguako Ama traineruak 19 minutu 27 segundo eta 45 ehuneneko behar izan zituen estropada eremuko 6.000 metroak egiteko.
Denboraldiaurreko estropada indar erakustaldi «ederra» emanda irabazi zuten, gainera. Bigarren izan zen Santurtziri (19.39,65) 12 segundo eta 20 ehuneneko errenta atera zioten eta hirugarren izan zen Kaiku A-ri (19.49,77), 22 segundo eta 32 ehuneko aldea. Isuntzak ere laugarren postu txukuna lortu zuen (20.00,95), irabazlearengandik 33 segundo baino gehiagora. Mutriku, aldiz, hamaikagarren postuan helmugaratu zen (21.04,32), minutu 1, 36 segundo eta 87 ehunenekora.
Emakumezkoetan, berriz, parte hartu zuten hamar traineruen artean Orio izan zen azkarrena. Euskotren Ligako ontzi bakarra zen, eta La Txiki traineruak bere mailari ohore eginda, zailtasunik gabe gailendu zen 14 minutu, 58 segundo eta 69 ehuneneko denborarekin. Ondarroak, berriz, bigarren amaitu zuen lehia; 15 minutu, 18 segundo eta ehuneneko 1 behar izan zuen estropada eremuko 4.400 metroak osatzeko, irabazleak baino 19 segundo eta 32 ehuneneko gehiago. Podiuma Hondarribiak osatu zuen (15.32,82), irabazlearengandik 34 segundo eta 23 ehunenekora. Isuntzak berriz, bosgarren amaitu zuen lehia (15.55,32), irabazlearengandik 56 segundo eta 63 ehunenekora.
Beteranoen mailan parte hartu zuten hamabost lehiakideen artean azkarrena, berriz, Zarauzko Badok 13 taldeko trainerua izan zen; 4.400 metroko proba 14 minutu, 50 segundo eta 71 ehuneneko denboran amaitu zuten. Gazte mailan parte hartu zuten lau traineruen artean ez zen Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkaririk egon. Santurtzik irabazi zuen lehia (14.29,02).