Ondarroako Etxelilako esperientzia ezagutzera etorri dira
Arrigorriagako Emakumeen Etxea diseinatzen hasteko, Bizkaiko beste esperientzia batzuk ezagutzen aritu dira herri horretako Berdintasun zinegotzia eta udal berdintasun teknikaria. Aurretik, Basauriko Marienea bisitatu zuten, eta eguenean [otsailak 3], berriz, Ondarroako Etxelila bisitatzen egon ziren. “Duela gutxi Marieneako egitasmoaren funtzionamendua ikusten aritu ziren, baina egitasmo hori Basauri moduko herri handi batera egokituta dago. Orain, ordea, Arrigorriaga moduko herri txikiago bateko esperientzia ezagutzera etorri dira Ondarroara”, adierazi du Irina Alkorta Bedialauneta Ondarroako Berdintasun zinegotziak.
Etxelilaren eta Ondarroako Jabekuntza Eskolaren ibilbidea zelakoak izan diren azaldu zieten Alkortak eta Rosa Baltar udal berdintasun teknikariak. “Etxelila moduko egitasmo bat abiatzeko asmoagaz, erain eraikin bat lortu dute, baina moldatzeko dago. Jabekuntza Eskola ere badaukate, baina hori beste toki batean dago, izan ere orain gutxi arte ez dute horretarako eraikin propiorik eduki. Egitasmoa bateratu egin nahi dute eta horri zer itxura eman aztertzen ari dira orain. Hori dela eta, Etxelila zelan sortu zen, zelan kudeatzen dugun eta gauzak zelan antolatzen ditugun ikustera etorri dira”.