Saharar errefuxiatuei bidaltzeko janari bilketa abian, Ondarroan
Datorren martitzenera [otsailak 15] arte sardina eta atun kontserbak, pasta, azukrea, lekaleak eta konpresak jasotzen ariko dira.
Martxoan aterako den Euskal Karabanarako janari bilketa martxan jarri du Yaalah elkarteak, udalaren laguntzagaz. Gaur [otsailak 7] hasi dute bilketa, eta helburu nagusia herri sahararrari “ahalik eta elikagai gehien” eramatea dela nabarmendu dute. “Saharar herriaren alde aletxoa jartzera animatzen zaituztegu. Bizi dugun pandemia mundialak, izan ere, lehendik zeuden baldintza txarrak gogortu egin ditu errefuxiatuen kanpalekuetan”.
Datorren martitzena [otsailak 15] da bilketan parte hartzeko azken eguna. “Ikasleek eta horien gurasoek herriko ikastetxeetan ipinita dauden kutxetara eraman ditzateke jakiak. Herritarrek, berriz, Udaltzaingoaren bulegoan ipinita dagoen kutxan gauza bera egiteko aukera edukiko dute, bulegoa irekita dagoen tartean”.
Ikastetxeetan eta Udaltzaingoaren bulegoan ezeze, herriko dendetan ere egingo dute bilketa. Barikuan [otsailak 11] 18:00etatik 20:00etara eta zapatuan [otsailak 12] 11:00etatik 13:30era hainbat saltokiren kanpoaldean kutxak ipintzeko asmoa dutela esan dute, baina horreratarako boluntarioak beharko dituztela agertu dute. Txanda egiteko prest daudenek 615 72 10 57 telefono zenbakira deitu, sare sozialen bidez mezu bat bidali edo elkarteko bategaz jarri daitezke harremanetan. “Eguena [otsailak 10] da izena emateko azken eguna”.