Zabiel Jauregia berdez, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez
Barikuan [otsailak 4] Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta egun horren harira, hainbat ekimen egin ziren mundu mailan. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen ekimenez, lurraldeko hainbat herritako eraikinik adierazgarrienak berdez argiztatuta egon dira, gaixotasunari “ahalik eta ikusgarritasunik handiena” emate aldera. Mutrikun ere, egun horrekin eta bere helburuarekin bat eginda, Zabiel Jauregiko fatxadako argiak berdez argiztatuta egon dira, “gaixotasun hori duten herritarrei eta haien senideei elkartasuna” adierazteko helburuarekin. Bariku iluntzean piztu zituzten argi berdeak, eta barikura [otsailak 11] arte piztuta mantenduko dira.
Gaixotasunari lotutako datuek oraindik ere “kezkagarriak” izaten jarraitzen dutela azaldu dute elkarteko kideek. 2021ean, esaterako, elkarteak Gipuzkoa osoko 724 pertsonari eman zion arreta psikologikoa eta 664ri arreta soziala. Debabarrenan minbizia dutenei eta euren senideei laguntza emateko egoitza bat badagoela ere gogorarazi dute. Egoitza Eibarren dago, Ardantza kaleko 11. zenbakian, eta astelehenetik barikura ematen du zerbitzua, 09:30etik 13:30era.
Eibarko egoitzako telefono zenbakia 943-20 24 94 da. “Edozein pazientek edo senidek deitu dezake, edozein zalantza argitzeko edo elkarteko profesionalengana jo ahal izateko”. Gaineratu dutenez, elkarteko profesionalek laguntza eskainiko diete pazienteei eta senideei alderdi psikologikoan eta baita gizarte gaietan ere. “Diru laguntzen edo bajen kuadeaketan eta material ortopedikoaren maileguan ere laguntzen dute, eta hori guztia, doan“.