Artibai Judo Taldekoek bi domina lortu dituzte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan
Enetz Marrero Iriondok eta Ainere Ibarrola Murillok, hurrenez hurren, urrezko eta brontzezko domina bana lortu dituzte.
Zapatuan [otsailak 5] Legazpin lehiatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren lehen jardunaldian emaitza onak lortu dituzte Ondarroako Artibai Judo Taldekoek. Luis FerreƱo taldeko arduradunak zehaztu duenez, txiki mailako bi judokak parte hartu zuten txapelketan, eta biak dominagaz bueltatu dira. “COVID-19a dela eta, nahi baino gutxiagok parte hartu ahal izan dute txapelketan”.
Lehiatu zituen lau borrokaldiak irabazita, lehenengo postua erdietsi zuen Enetz Marrero Iriondok, txiki mailako gizonezkoen 46 kiloz azpiko kategorian. Ainere Ibarrola Murillok, berriz, hirugarren postua lortu zuen txiki mailako emakumezkoen 57 kiloz azpiko kategorian. “Lehenengo hiru borrokaldiak irabazi zituen, baina laugarrenean kanporatu egin zuten”.
Txiki mailako bi judokek txapelketa oso ondo hasi dutela azpimarratu du Artibai Judo Taldeko arduradunak. “Gipuzkoako Judo Federazioak hiru jardunalditan banatu du txapelketa. Jardunaldi bakoitzean puntuazio bat jasotzen dute lehen sailkatuek, eta amaieran puntu guztiak batutakoan erabakiko da Euskadiko Txapelketara nor doan. Jardunaldi bakoitzean lehenengo sailkatzen denak bost puntu jasotzen ditu, bigarrenak hiru eta bi hirugarrenek puntu bana. Marrerok eta Ibarrolak, hortaz, ondo hasi dute bidea; oso pozik gaude. Marrerok jokoan egon diren bost puntuak lortu ditu eta Ibarrolak, berriz, bat”.
Aldaketarik ezean, Hondarribiako Jostaldi pilotalekuan jokatuko dute txapelketako hurrengo jardunaldia. Otsailaren 19an ipini dute hitzordua.