Bost urteren ostean, bueltan da Mutrikuko Mendiz Mendi emanaldi zikloa
Mendizaletasuna herritarrei gerturatzeko helburuarekin antolatu dute zikloa Mutrikuko Udalak, Burumendi Mendizale Elkarteak eta Sorginerreka Eskalada Taldeak elkarlanean.
Mendizaletasunari, alpinismoari eta espeleologiari buruzko ordutebete inguruko hiru emanaldi antolatu dituzte. Emanaldi guztiak Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan eskainiko dituzte, maila goreneko adituen eskutik. “Ikus-entzunezkoak amaitutakoan gonbidatuei galderak egiteko tartea ere egongo da”. Zehaztu dutenez, 19:30ean hasiko dira denak. Sarrera doakoa da, baina antolatzaileek ohartarazi dutenez, aforo mugatua egongo da: “84 lagunentzako tokia egongo da”. COVID-19aren aurkako neurriak ere zorrotz beteko dituztela gaineratu dute.
Eguenean [otsailak 10] eskainiko dute zikloko lehenengo emanaldia. Eibarko Klub Deportiboko Krabelin mendi taldeko kideek Euskal Herriko 100 mendi ederrenak emanaldia eskainiko dute. “Sortu duten proiektuaren berri emango digute”. Otsailaren 21ean, berriz, Estilo alpinoan eskalatzen Andeetatik Himalayara emanaldia eskainiko Oriol Baro eskalatzaile katalanak. “Gaztelaniaz izango den emanaldi bakarra izango da. Munduan barrena toki askotan ibili da eskalatzaile ezagun hau, eta bere esperientziaren berri emango digu”.
Mutrikuko Burumendi espeleologia taldeko kideen emanaldiak itxiko du aurten zikloa; otsailaren 24an eskainiko dute Etenik gabe Arnoko erraietara emanaldia. “Olatz aldean egin dituzten aurkikuntzen berri emango digute”.