Hamabi bikotek hasi dute Mutrikuko Emakumezkoen Binakako II. Pala Txapelketa
Helburuak beteta, pozik agertu dira Mutrikuko Emakume Palistak elkarteko kideak.
Abian da Mutrikuko Emakumezkoen Binakako II. Pala Txapelketa. Domekan [otsailak 6] lehiatu zuten lehen jardunaldia, eta antolatzaileek esan dutenez, hamabi bikotek izena eman dute. “Lehen mailan zazpi bikotek izena eman dute eta bigarren mailan, berriz, bostek. Aurtengo erronka bigarren maila abiatzea zen, eta lortu dugu. Txapelketaren helburua da pala sustatzea eta parte hartzea bultzatzea, eta helburu hori ere lortu dugunez oso pozik gaude”, azpimarratu dute Mutrikuko Emakume Palistak elkarteko kideek.
Parte hartze datua ona bada ere, COVID-19aren eragina igarri egin dela gaineratu dute. “Jende asko COVID-19ak jota dago. Gaixorik egon ondoren, askok paparra hartuta eta arnasteko arazoak dituzte, eta horrek askoren errendimenduan eragin duenez, jokatzeko moduan ez daudela esan digute, beraz, ez dute txapelketan parte hartu aurten”.
Egutegia ere zehaztuta daukate antolatzaileek. Finalak apirilaren 10ean lehiatuko dituzte, eta aurreko bi domeketan lehiatuko dituzte final-laurdenak eta finalerdiak. Bigarren jardunaldia domekan [otsailak 13] egongo da jokoan; 16:30etik aurrera lau neurketa jokatuko dituzte Miruaitzen.
2. mailako Arantza Atxurra-Iraide Burgoaren eta Usua Antia-Ana Macieiraren artekoa izango da lehenengo partida. Ostean, 1. mailako beste hiru neurketa lehiatuko dituzte: Esti Arriola-Larraitz Untzetabarrenetxearen eta Iratxe Astigarraga-Amaia Aizpururen artekoa, Maite Mugartegi-Jaione Arreitunandiaren eta Leire Mendizabal-Idoia Zabalaren artekoa eta Eva Ibarrola-Leire Elezgarairen eta Iratxe eta Maite Barruetabeña ahizpen artekoa.