Hogei postutik gora ipiniko dituzte Markina-Xemeingo landare azokan
Udalak Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteagaz batera antolatuko azoka zapatuan [otsailak 12] egingo dute Zelaian, 10:00etatik 14:00etara. Etxeko produktuen postuak, Jakoba Errekondoren hitzaldia eta merkatu txikia ere egongo dira.
Zortzi mintegi ipiniko dituzte zuhaitzen, landareen, loreen eta frutalen erosketarako. Beste alde batetik, bertoko produktuen gunea egongo da, hamabost posturekin. Herriko zein kanpoko ekoizleak bertaratuko dira Zelairaino. Ogiak, gaztak, gozoak, txerrikiak eta bestelako etxeko produktuez gain, artisau lanak egongo dira, baita moda osagarrien postu bat ere.
Azokagaz batera, Jakoba Errekondoren hitzaldia egongo da, 11:30etik aurrera, Plazaberripean. Sarrera librea da, edukiera bete arte. Helburua da landara azokari buruzko saio parte hartzailea izatea. Bertaratuei baratze eta fruta arbolei buruzko galderak eta zalantzak erantzungo dizkie agronomo eta paisajista usurbildarrak.
Hemen Be Bai Merkatari Elkarteak outlet merkatu txikia ere egingo du Zelaian. Zortzi postutan banatuta, denboraldi bukaerako arropak eskainiko dituzte. Landara azoka baino ordu erdi lehenago hasiko da, 09:30ean, eta ordu berdinean amaitu, 14:00etan.