Kolitzara mendi irteera bateratua antolatu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek
17 kilometroko ibilbidea egingo dute domekan [otsailak 13]. Eguena [otsailak 10] da izena emateko azken eguna.
Artibai Mendigoizale Taldeak, Aurrera Mendi Taldeak eta Burumendi Mendizale Elkarteak Kolitzara irteera bateratua egingo dute domekan [otsailak 13]. Ordunteko urtegian hasi eta Balmasedan amaituko dute 17 kilometroko ibilaldia, eta, bidean, Maza de Pando (1.017 metro), BurgueƱo (1.041 metro) eta Kolitza (886 metro) mendietatik igaroko dira mendizaleak. Sei bat ordutan egiteko modukoa dela aurreikusi dute antolatzaileek, baina zehaztu dute zailtasuna ertaina baino zailagoa dela, oso aldapatsua delako; 1.100 metroko desnibela dauka.
Eguena [otsailak 10] da irteeran izena emateko azken eguna. Interesatuek ohiko lekuetan izena eman dezakete: Markina-Xemeingo Loirats dendan, Mutrikuko Aparra jantzi dendan eta Ondarroako Anaitasuna tabernan. Hiru herri horietara bertaratzerik ez dutenek 616 84 71 18 (Marije) telefono zenbakira deituta edo whatsapp bat bidalita ere izena eman dezakete.
Autobus zerbitzua ere egongo da Ordunteko urtegira joateko. Debatik abiatuta, autobusak lehen geldialdia Mutrikun egingo du; 07:05ean Txanbolingo biribilgunean jarri dute hitzordua. Ondarroan 07:15ean egingo du geldialdia, Astilleruko geltokian. 07:30ean ailegatuko da autobusa Markina-Xemeingo autobus geltokira; lekeitiarrek ere bertan hartuko dute autobusa.