Mendizabal-Enbil eta Elezgarai-Watkins nagusitu dira Mutrikun jokatutako Udazken Txapelketan
Barikuan [otsailak 4] Miruaitzen jokatu ziren partidak oso lehiatuak izan zirela esan dute Danok Bat pelotazale elkarteko kideek. Gaineratu dutenez, jende asko gerturatu zen partidak ikustera. “Harmailetan jende asko egon zen”.
Kantxaratzen lehenak alebin B mailakoak izan ziren. Ander Mendizabalek (Donostia) eta Igor Enbilek (Zumaia) osatutako bikotea Pablo Paniaguaren (Danok Bat) eta Eñaut Goñiren (Zumaia) aurka aritu ziren. 2-0 nagusitu ziren Mendizabal eta Enbil. Lehen jokoa nahikoa estu irabazi zuten 13-10 baina bigarrena nagusitasun osoz irabazi zuten 13-6.
Txiki B mailan, berriz, Ane Elezgarairen (Danok Bat) eta Frida Watkinsen (Zumaia) aurka neurtu zituzten indarrak Xabat Lazkanotegik (Hondarribia) eta Ibai Arrizabalagak (Danok Bat). Txiki mailan modura, hor ere bi setean erabaki zen partida; 2-0 irabazi zuten Elezgaraik eta Watkinsek. “Oso txukun” jokatu zuten, eta hori emaitzan ere igarri egin zen; 13-6 nagusitu ziren lehen jokoan eta 13-7 bigarrenean.