Oles egitera irten dira Lea-Artibai eta Mutrikuko ume, gazte eta helduak
Santa Ageda egunean eta bezperan, eztarriak bero eta makilak eskuan, kalerik kale eta etxerik etxe ibili dira. Batutako dirua helburu solidarioetara bideratuko dute batzuk.
Makilak eskuetan hartu eta kantuan ibili dira, batera eta bestera, Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek. Santa Ageda bezpera barikuan [otsailak 4] izan bazen ere, aspaldiko ohiturei jarraituz, zapatuan [otsailak 5] ere atera ziren oles egitera.
Barikuan, ikastetxe, abesbatza eta elkarte eta talde ezberdinetako abeslariak alaitu zituzten herrietako kale eta auzoetako baserrietako atariak ere. Mendexan, esate baterako, 20 bat lagun bildu ziren errondan, eta 700 bat euro batu zituzten. Kopuruaren erdia Dominiketara eta beste erdia elikagaien bankura bideratuko dute. Ispasterren, berriz, batutako diruaren erdia Saharako herriarentzat izango da eta bestea Gurutze Gorriarentzat.
Zapatuan hartu zuten txanda Mutrikun eta Berriatuan. Mutrikun, 60 bat lagun batu ziren. Lehen geldialdia Goiko Plazan egin zuten; udaletxera gerturatu ziren; han zeukaten zain alkatea. Bertso eskolako Malen Aldalur, IƱigo Arrizabalaga eta Xabier Astigarraga aritu ziren koplatan, musika eskolako trikitilariekin. Hurrengo geldialdia Erdikokalen egin zuten, Imotz ileapaindegi aurreran. Jabea jubilatu egingo da, eta hari eskaini zizkioten koplak. Erronda Beheko Plazan amaitu zuten.
Koloretako txapel eta zapiak jantzi eta Santa Ageda egunean, usadio zaharrak berreskuratu zituzten baita ere Berriatuan. Lurra makilekin astindu zuten gogoz, esna zedin, eta bazterrak alaitu.