Ander Izagirre idazlea, Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoan
Gaztelaniazko saioan izango da Izagirre. Idazle donostiarraren 'Potosi' liburua landuko dute.
Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoak Ander Izagirre idazle eta kazetaria izango du gonbidatu eguenean [otsailak 10]. Gaztelaniazko saioan izango da Izagirre. Izan ere, egileak gaztelaniaz idatzi zuen Potosi liburua landu dute txokoan, eta, orain, liburuak jorratzen duen drama sozialaz hitz egin ahalko dute idazleagaz batera.
Liburuak, Boliviako Potosi hiriko komunitateek meategietan egiten duten lanaren atzean dauden baldintza gogorrak bistaratzen ditu, tartean, bertan lan egiten duten umeenak. Lan horregatik Izagirrek Euskadi Literatura Saria irabazi zuen saiakera kategorian 2017 urtean.
Lehenengoa. Liburua gaztelaniaz idatzita dagoenez, bakarrik gaztelaniazko saioan egongo da Donostiako idazlea. Hala ere, jarraian egoten den Irakurleen Txokoko euskara taldekoek ere parte hartu ahalko dute, hala nahi izanez gero.
COVID-19 pandemia hasi zenetik, txokoan parte hartuko duen lehen idazlea izango da Izagirre. 17:00etan izango da gaztelaniazko saioa, eta 19:00etan euskarazkoa. Azken horretan, Sevanca Draculic-en Han ez banengo bezala liburua jorratu dute.