Dominaz beteriko asteburua, Lea-Artibaiko atletentzat
Espainiako, Euskadiko eta Bizkaiko atletismo probak lehiatu dira asteburuan, eta Lea-Artibaiko atletek urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak jantzi dituzte.
Emaitza bikainak lortu dituzte Lea-Artibaiko atletek asteburuan izandako proba ezberdinetan. Lekeitioko Tximista atletismo taldeko Lorea Erekatxok Jaenen (Espainia) lehiatu den Espainiako Kros Txapelketan parte hartu du, eta Euskal Selekzioko 2.a sailkatu da.

Lekeitioko tximista atletismo taldeko Lorea Erekatxo Espainiako Kros Txapelketan. Argazkia: Tximista
Donostian ospatu den Euskadiko Pista Estaliko txapelketan nagusitu da, berriz, Xabat Oar Arteta aulestiarra. Luzera jauzian markarik onena egin du Durango kirol taldeko atletak urrezko domina lortuz (6,73m ) eta Antequeran (Espainia) lehiatuko den Espainiako Txapelketara joateko txartela geroz eta eskurago dauka.

Xabat Oar Artea aulestiarra eta Paul Ubierna Durango Kirol taldeko atletak dominak soinean dituztela. Aragazkia: Durango Kirol taldea
Izaro Aranburu aulestiarrak eta Sarai Larrinaga etxebarritarrak ere dominak lortu zituzten Donostian. Aranburuk brontzezko domina jantzi du 3.000 metrotan (11.25.75 ) eta Larrinaga ere brontzearen jabe egin da pisuan (10,72m).
Pista Estaliko Bizkaiko Txapelketa ere jokatu da Durangon. Tximista taldeko Naia Garetxanak Absolutu mailan parte hartu du, eta lehen postuan geratu da luzera jauzian, bigarren postuan jauzi hirukoitzean eta hirugarren postuan hesietan.

Sarai Larrinaga etxebarritarra eta Izaro Aranburu eta Sara Asenjo aulestiarrak. Argazkia: Durango Kirol Taldea
Jaurtiketa probetan ere dominak eskuratu dituzte Lea-Artibaiko atletek. Durango Kirol Taldean dauden Sarai Larrinaga etxebarritarrak eta Maddi Bereziartua markina-xemeindarrak urrezko domina irabazi dute disko jaurtiketan, Larrinagak Absolutuan eta 20 urtez azpikoetan, eta Bereziartuak 18 urtez azpikoetan.
Sara Asenjo aulestiarra ere brontzezko dominaren jabe egin da diskoko Absolutu mailan, eta zilarra lortu du 20 urtez azpikoetan.