Itzulia Lea-Artibaiko errepideetatik igaroko da
Apirilaren 8ko etapa Zamudio eta Mallabia artean lehiatuko dute; apirilaren 9koa, ostera, Eibarren hasi eta Arrateko santutegian amaituko da.
Gaur [otsailak 9] aurkeztu dute World Tour mailako 2022ko Itzulia Basque Country lasterketa, Hondarribian. Eta iragarri dutenez, bosgarren eta seigarren etapak Lea-Artibaitik igaroko dira. Bosgarren etapa Zamudioko parke teknologikoan hasiko da, eta Mallabiako herrigunean amaitu. Tartean, 163 kilometro egin beharko dituzte, ibilbide gorabeheratsuarekin; lasterketa, besteak beste, Ispaster, Lekeitio, Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibartik igaroko da. Etapa horrek esprint berezi bi eta bost mendate puntuagarri izango ditu: hirugarren mailako lau (Bedarona, Gontzagaraigana, Trabakua eta Karabieta) eta bigarren mailako bat (Paresi).
Antolatzaileen hitzetan, etapa bukaera “zaleentzat erakargarria eta txirrindularientzat esplosiboa” izango da; helmuga kilometro inguru eta %16ko penditza duen aldapa batean kokatu dute. Hurrengo etapan ere eskualdetik barrena ibiliko dira txirrindulariak: 136 kilometroko seigarren eta azken saioa Eibarren abiatuko da, eta Arrateko santutegian egongo helmuga lerroa. Zazpi mendate puntuagarriko ibilbidean zehar, Etxebarriatik igaroko dira, Urkaregi mendaterako bidean.
Nazioarteko sailkapeneko txirrindulari esanguratsuenak Hondarribiko irteeran egongo direla aurreratu dute: besteak beste, Primoz Roglic, Jonas Vingegaard eta Alejandro Valverde. Txirrindulari euskaldunei dagokienez, Bahrain-Victorious taldeko Pello Bilbao gernikarra da Itzulian parte hartzea baieztatu duen txirrindulari bakarretakoa, baina antolakuntzako ordezkariek Ineos-Grenadiers taldeko Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo bizkaitarrak eta Txomin Juaristi markina-xemeindarra ere irteera lerroan egotea espero dutela adierazi dute.