Txakurrak erroldatzeko epea luzatu dute Mutrikun
Maiatzaren 27an animaliak eduki eta babesteko udal ordenantza arautzailea onartu zuen udalbatzak, eta horren arabera, txakurrak erroldatzeko derrigortasuna dagoela gogorarazi dute.
Errolda sortzea “urrats ezinbestekoa” dela nabarmendu dute. “Txakur jabe edo edukitzaileek derrigorrez identifikatu eta erroldatu behar dituzte beren txakurrak, animalia jaio, erosi edo adoptatu den unetik, hilabeteko epean”. Ohartarazi dutenez, arauak txakur jabe denei eragiten die, baita animalia lehendik zutenei ere. “Ordenantza onartu arte, ez zegoen erroldarik sortuta. Txakur horiek albaitariak ipinitako txipak jarrita izango dituzte eta dagokien tokian alta emanda egongo dira, baina herrian ez daude erroldatuta”.
Azaroaren hasieran hasi ziren herriko txakurren kontrola areagotzeko errolda sortzen, eta horri buruzko informazioa ere banatu zuten etxerik etxe. Azaldu dute hasiera batean jende nahikoa gerturatu zela animalia erroldatzera, baina gerokoan “erritmoa moteldu, ia gelditu” egin dela. Hori dela eta, animaliak erroldatzeko epemuga bat ezartzea erabaki dute. “Deialdiari erantzun dioten herritarrak asko izan badira ere, oraindik ere asko dira euren txakurrak erroldatu gabe dituzten jabeak. Legezko hilabetea baino denbora gehiago utzi arren erroldatzea ez dela ari gauzatzen ikusirik, epea otsailaren 18a arte luzatzea erabaki du udalak”.
Azpimarratu dute data horretatik aurrera ordenantzak dioena betetzen hasiko direla. “Animaliak ez erroldatzea, edo epez kanpo egitea, arau haustea izango da animalia babesteari buruzko Legearen 27.1.a artikuluan xedatutakoari jarraituz”. Erroldan alta emateko prozesua “nahikoa erraza” dela esan dute, “bost edo hamar minutuan egiteko modukoa”. Lehendabizi, udaletxeko sarreran edo Udaltzaingoan eskuragarri dauden inprimakiak eskatu behar dira. Ondoren, inprimakian eskatzen diren jabearen eta txakurraren datuak bete behar dira. Azkenik, inprimakia beteta bueltatu behar da.