Helduen III. Trikitixa Txapelketan parte hartzeko epea zabalik
Markina-Xemeingo Helduen III. Trikitixa Txapelketak eguna dauka dagoeneko: maiatzaren 14a. Izena emateko epea zabaldu dute, gaurtik hasita otsailaren 28ra arte izango da.
Parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali behar dute mxtrikititxapelketa@gmail.com posta elektronikora, izen-abizenak, jaiotze data, herria eta harremanetarako telefonoa jarrita. 22 urte beteta edukitzea edo 2022. urtean 22 urte betetzea da bete beharreko baldintza bakarra.Trikitilari eta pandero-jotzaile batek osatutako bikoteek ere parte hartu ahalko dute txapelketan.
Txapelketa Baserri-Okela Egunaren egitarauaren baitan ospatuko da Uni frontoian. Goizetik hasita eta iluntzera arte luzatuko den egitarau oparoa antolatuko dute egun horretarako herritarrentzat zein Markina-Xemeinera doazen bisitarientzat.
Bakarretakoa. Aurtengoa hirugarren txapelketa da, eta trikitixaren munduari bultzada emateaz gain, helburua da trikitilariak ezagutzera ematea eta musikarien maila balioan jartzea. Sarreren eta ordutegien inguruko informazioa aurrerago zabalduko dute.Gaur egun Euskal Herrian egiten den mota horretako txapelketa bakarretakoa da, eta erreferente bilakatzeko bidean dago. 2017an antolatu zuten lehen aldiz, eta bi urterik behin ospatzea erabaki bazen ere, iazkoa COVID-19a dela-eta atzeratu zuten.
2019ko txapelketa Eneritz Aulestiak eta Julen Alonsok irabazi zieten finalean Xabier Etxanizi eta Ainara Saizarri, 2,5 punturen aldeagatik. Hirugarren Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza sailkatu ziren.