Ondarru Igeri Taldekoek bi domina lortu dituzte Bizkaiko Neguko Txapelketan
Txiki mailako lau igerilarik parte hartu dute txapelketan, eta denek ere euren markak hobetu dituzte.
Asteburuan Galdakaon lehiatu den Bizkaiko Txiki Mailako Neguko Txapelketan emaitza onak lortu dituzte Ondarru Igeri Taldekoek. 2007 eta 2009 urte bitartean jaiotako Naroak Fernandez Elu, Zaloa Txurruka Arruabarrena, Uxue Mendizabal Zenarruzabeitia eta Naroa Osa Garnika igerilariek parte hartu zuten proban, eta arduradunak gustura agertu dira igerilariek egin duten lan “txukunarekin”. Azpimarratu dutenez, laurek emaitza paregabeak lortu dituzte. “Talde moduan egindako lanagaz gustura geratu gara; oso pozik gaude. Guztiek euren denborak hobetu dituzte, eta azken finean, hori zen helburu nagusia”.
Emaitzarik azpimarragarrienak Osak eskuratu zituen. Zilarrezko domina lortu zuen 100 metro bizkar proban eta brontzezkoa 200 metro bizkar proban. 100 metro bizkar proban minutu 1, 18 segundo eta 39 ehuneneko behar izan zuen helmugaratzeko; hain zuzen ere, 10 ehunenekogatik ihes egin zion urreak. Gutxieneko denbora gaindituta, Euskadiko Udako Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du. 200 metro bizkar proban, ostera, 2 minutu, 59 segundo eta 10 ehuneneko marka lortu zuen.
Gainontzeko igerilariek ere podiumetik hurre amaitu zituzten probak. Mendizabalek laugarren postua erdietsi zuen 50 metro krol proban (34,57), bosgarrena 100 metro krol proban (1.13,16) eta seigarrena 200 metro estiloetan (3.10,22). Txurrukak bi bosgarren postu lortu zituen 50 metro krol (32,02) eta 100 metro krol probetan (1.11.10). Fernandezek ere bosgarren postua erdietsi zuen 100 metro bizkar proban (1.19,34).