Lekeitioko bigarren eskuko azoka oso arrakastatsua izan da
Materialari beste erabilpen bat emateko espazioa zabaltzeaz gain, herriko emakumeen topagunea izan zen Andraetxea zapatu [otsailak 12] goizean.
Lekeitioko mugimendu feministak antolaturiko bigarren eskuko azoka “oso arrakastatsua” izan zen antolatzaileen arabera. Zapatuan [otsailak 12] 12:00etatik 15:00ak arte azoka zabalik egon zen eta emakume asko hurbildu ziren lehen bidaia agentzia zegoen Andraetxera. Zapatak eta arropak saldu ziren batez ere. “Harrera oso ona izan du herritarrengandik eta material asko dugu oraindik, beraz, epe laburrean bigarren azoka bat antolatu nahi dugu”.
Andretxea Lekeitioko emakumeen topagunean bilakatu zen. Azokarekin batera, Eskolapean, mugimendu feministak eskuorrien bitartez herritarren iritzia jaso nahi izan zuen. Emakumeen espazio horren inguruko iritziak, hausnarketak eta ideiak bildu zituzten taldearen barruan eztabaida prozesu bat martxan jartzeko.
Bere iritzia emanez beste norbaitek bide horretan parte hartu nahi izanez gero, Andraetxea zabalik egongo da eguaztenero 18:30eatik 20:00etara. Espazio horren izaera, funtzionamendua, kudeaketa eta beste hainbat arlo elkarlanaren bidez aurrera eraman nahi ditu mugimendu feministak.
Horretarako, barikuan [otsailak 18] Andraetxean 18:00etatik aurrera egingo den bileran parte hartzeko gonbita luzatu dute mugimendu feministak osatzen duten talde eta norbanakoek. Zapatuan jasotako iritzi eta hausnarketaz eztabaidatzeaz gain, martxoaren 8ko emakumeen eguneko antolaketa lanekaz hasiko direla jakinarazi dute.