Markina-Xemeingo Irakurleen Txokoko partaideak "gustura" Ander Izagirre idazleagaz
Idazle donostiarraren 'Potosi' liburua landu zuten. Astrid Lindgren suediar idazlearen 'Pipi Kaltzaluze' jorratuko dute datorren hileko saioan.
Harrera ona eduki zuen Ander Izagirre idazleak Markina-Xemeingo Irakurleen Txokora egindako bisitak. Gaztelaniako saioko kideez gainera euskarazko saiokoek ere parte hartu nahi izan zuten Izagirrerekin izandako hitzorduan. Idazle donostiarraren Potosi liburua landu zuten eguenean [otsailak 10], eta oso gustura geratu ziren.
Pandemia hasi zenetik Irakurleen Txokoan parte hartu duen lehenengo idazlea izan da Izagirre, eta bazegoen gogoa. Hala ere, Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunak azaldu duenez, ekainean amaituko duten aurtengo ikasturterako ez dute aurreikusi beste idazle batek parte hartzerik, beste ekimen batzuk dituzte-eta programatuta. Uda eta gero bai, idazleez gainera itzultzaileak ere gonbidatu nahi dituzte. “Orain arte, itzultzaile bi etorri dira, eta oso saio onak irten dira. Beraz, horiek ere ekarri nahi ditugu”, argitu du Idoetak.
Datorren hileko saioan Pippi Kaltzaluze Astrid Lindgren suediar idazleak idatzitako haur literaturako liburua jorratuko dute. “Idazlea eta haren bizitza oso interesgarriak dira, eta aproposa iruditu zaigu Irakurleen Txokoko saio baterako. Gainera, azken aldian gai gogorrak landu ditugu, eta arnasa apur bat hartzeko ere balioko digu”.
Lingrenek 1945. urtean argitaratu zuen Pipi Kaltzaluze Raben & Sjögren argitaletxearen lehen saria irabazi ondoren. Obrak eragin handia izan zuen Europan, eta eztabaida handia sortu zuen. Izan ere, eleberri hau apurtzailea eta iraultzailea izan zen. Suedian, arrakasta handia izan zuen. 1940. hamarkadaren amaieran 300.000 ale inguru saldu ziren. Kritika onak jaso zituen Pippiren pertsonaiak askatasunaren aldeko aldarrikapen zuzena egiten zuelako.