Basogintza iraunkorrerako aukerak aurkeztuko dituzte, Amoroton
ERREZ kooperatibako kideek basogintza eta klima larrialdia uztartuko dituen hitzaldia emango dute eguenean [otsailak 17], 18:30etatik aurrera, Amorotoko Kultur Etxean.
ERREZ basogintza kooperatibako kideek hitzaldia emango dute ostegunean, 18:30etan, Amorotoko Kultur Etxean. Berbaldi horretan basogintza eta klima larrialdia erlazionatuko dituzte hizlariek. ERREZ basogintzan eta, batez ere, ekosistemen kudeaketan duharduen kooperatiba da. Hitzaldia emango dutenek azaldutakoaren arabera, pinudien nahiz eukaliptadien landaketak basogintzan duen pisua “agerikoa eta oso egungoa” den gaia izanik, herritarrei eta, batez ere, basoak dituztenei zuzen-zuzenean eragiten dien afera da. Langai horren esangura are esanguratsuagoa da Euskal Herriko Kantauri Isurialdean, hala nola, Bizkaian zein Gipuzkoan.
Hitzaldian, argitu dutenez, “historiaren emaitzak” aztertuko dituzte: basogintzak izandako bilakabidea eta egun duen lekua plazaratuko dute. Ekoizpen eredu jakin batzuetan oinarritutako basogintza modeloaren aurrean, “denetariko ezaugarridun alternatibak” landuko dituzte ERREZeko kideek. Kultur etxeko hitzaldia, oro har, gogoeta multzo bat izango dela aurreratu dute eta, horrenbestez, hurreratzen direnek euren ikuspuntua ere aurkeztu ahalko duela. Helburu argia dute: basogintza eredu alternatiboek ekar ditzaketen onurak aditzera ematea.
Argitu dute herritar guztiei zuzendutako berbaldia izango dela, eta “oso erakargarria” izan daitekeela basojabea den ororentzat. Norbanakoen zalantzei heltzeko aukera ere egongo dela aurreratu dute, “kasu praktikoek arazo globalen zantzuak ematen baitituzte”.