Goikoetxearen eta Aimarren hautagaitzaren aldarrikapena
Jai Alai Winter Series txapelketako B multzoaren barruan, Goikoetxeak eta Aimar Aldazabal berriatuarrak garaipen garrantzitsua lortu dute bere anaia Ibon Aldazabalen eta Beaskoetxearen kontra, Jai Alai frontoia lepo bete den gauean.

Astelehenetako Gernikako Jai Alaiko zesta punta hitzordua boladan dago. Atzoko [otsailak 14] partidua horren erakusle da: frontoia lepo bete zen Jai Alai Winter Serieseko B multzoko norgehiagoka ikusteko. Atzo, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Aimar Aldazabal berriatuarrak bere anaia Ibon Aldazabalen eta Diego Beaskoetxearen kontra jokatu zuten, eta lehenengo bikoteak txapelketa irabazteari begira daukan hautagai sasoia erakutsi zuen, hasiera-hasieratik.
800 laguneko edukiera beteta, 200 pertsona kanpoan geratu behar izan ziren; horrenbestez, datozen partiduei begira, antolakuntzak bost euroko sarrera ezartzea erabaki du. Sarrerekin lortutako etekin oro Gernikako Zesta Eskolara bideratuko da; datozen partiduetarako [otsailaren 21ean eta 28an] sarrerak Gernika Jai Alaiko web orrialdean daude salgai.
Atzoko norgehiagokan, Goikoetxeak eta Aimarrek set bi behar izan zituzten Beaskoetxea eta Aldazabal menpean hartzeko. Partiduaren interesgune esanguratsuenetakoa, hain zuzen ere, Aldazabal anaien artekoa izan zen; atzo elkarren aurka lehian. Gazteenak, Ibonek, ez zuen lortu jokoa bere eremura eroatea, berarengandik espero zen legez, eta bere anaia Aimarrek ondo eutsi zion. Aimarregaz batera partidu erraldoia egin zuena Goikoetxea izan zen: borondatetsu agertu zen saio osoan zehar, eta jokaldi bikainak burutu zituen. Lau jokalarietatik erregularrena, zalantza barik, hura izan zen.

Argazkia: Jai Alai News