Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabalik dago
Aurten ere, Udako Arte Erakusketa antolatuko du Lekeitioko Udalak. Diziplina ezberdinetako artistek parte hartu dezakete.
Apirilaren 13ra arte edukiko dute Lekeitioko Udako Arte Erakusketan parte hartu nahi duten artistek izena emateko epea zabalik. Lekeitioko Udalak antolatzen duen erakusketak alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin, eta beraz, diziplina ezberdinetako artistek parte hartu dezakete erakusketan.
Erakusketan parte hartu nahi duten artistek Lekeitioko Kultur Etxera joan daitezke informazio eske, edo kultur exeko helbide elektronikora idatzi (kulturetxea@lekeitio.eus). Izena ematerakoan artistek euren lanaren argazkia eta dokumentazioa –biografia eta erakusketaren azalpenak– aurkeztu beharko dituzte. Udaleko kultura sailak ebaluatuko ditu lanak ondoren.
Jakitera eman dutenez, maiatzaren hasieran aurkeztuko dute onartuen eta baztertuen zerrenda, eta onartuen artean zozketa bat egingo dute behin betiko parte hartzaileak hautatzeko. Lekeitioko eta eskualdeko artistek lehentasuna edukiko dutela azpimarratu dute.
Artista bakoitzaren erakusketaren iraunaldia bertan parte hartzen duten artista kopuruaren araberakoa izango da. “Hasiera batean, erakusketak astebetekoak izango dira, baina aste bira ere luzatu daitezke aurkezten den partaide kopurua handiegia ez bada”, azaldu dute. Uztailean eta abuztuan egongo da martxan Lekeitioko Udako Arte Erakusketa Eskolape Aretoan.