Astean bitan zabalduko dute Mutrikuko Anaiarte biltokiko bulegoa
Orain arte astegun guztietan egon da bulegoa irekita, baina zerbitzua orain astean bitan emango dutela zehaztu dute jubilatu elkarteko zuzendaritza taldeko kideek. Astelehenetan eta eguaztenetan 10:30etik 12:30era zabalduko dute bulegoa. Tarte horretan, besteak beste, urteko bazkidetza kuota ordaindu edota elkartean izena emateko aukera egongo dela gogorarazi dute. “Bazkideak direnek maiatzera arteko epea daukate ordainketa egiteko”.
Ohi modura, bidaiak ere antolatu dituzte, eta horietan izena emateko epea zabalik dagoela esan dute. Martxoaren 14tik 18ra, Portugalgo erdialdera eta iparraldera irteera egingo dute. Hegazkinez joango dira, eta, besteak beste, Coimbra, Aveiroko kanalak, Bragako katedrala, Sameiroko santutegia eta Porto bisitatuko dituzte. Maiatzean, aldiz, Benidormera ohiko irteera egingo dute; maiatzaren 22tik ekainaren 4ra Benidorm Plaza hotelean egingo dute egonaldia.
Ekainaren 11tik 17ra Irlandara hegazkinez joateko beste irteera bat antolatu dute. Besteak beste, Dublin, Cork eta Galway hiriak bisitatuko dituzte. Irailaren 28tik urriaren 4ra, berriz, Bretainia eta Normandia bisitatuko dituzte; autobusez joango dira. Egutegi hori, ohi modura, batera eta bestera antolatzeko asmoa daukaten egunpasekin osatuko dute. Bidaietako batean izena emateko interesa daukatenek bulegora jo edo 943-60 42 47 telefono zenbakira deitu dezakete. “Bidaiei buruzko xehetasun eta informazio guztia bulegoan bertan jaso daiteke”.