Mendexan eta Amoroton medikurik gabe jarraitzen dutela salatu dute
Otsaileko lehen astetik daramate herriko medikurik gabe eta irtenbiderik eman ez izanaz kexatu dira Lekeitioko osasun etxe aurrean. Sindikatuek deituta elkarretaratzeak egin dira ospitaleen aurrean eta osasun zentro aurreetan.
Amoroton eta Mendexan medikurik gabe daude. Ez da lehen aldia, iazko maiatz eta irail artean ere egoera berean egon ziren. «Ez dugu inolako azalpenik edo irtenbiderik jaso, ez dago inolako antolaketarik Osakidetzaren aldetik, hau da, ez gaituzte kontuan hartzen», esan dute herritarrek. Bizi duten egoera salatzeko, Lekeitioko osasun etxearen aurrean elkarretaratzea egin dute gaur [otsailak 16] eguerdian.
Otsail hasieratik daude horrela, erreferentziazko mediku barik, «Internet edo telefono bidezko zerbitzuen menpe». Lekeitioko osasun etxeko hitzorduen arabera, arratsaldean edukitzen dituzte aurrez aurreko kontsultak. Horiek astetik astera aldatzen direla salatu dute: «Hau ez da antolaketa on bat, egun bakoitzean mediku baten aurrean jesartzen gara. Ez dago bakarkako kasuen inolako jarraipenik».
Sindikatuen deia. Mendexako eta Amorotoko herritarrak sindikatuek deitutako elkarretaratzeetara batu dira. Osasuneko sindikatu nagusien (Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT) deiari erantzunez, ospitaleen aurrean elkarretaratzeak egin dira 11:00etan eta osasun zentro aurreetan 13:00etan. Nik BAI sinesten dut Osasun Publikoan lelopean, pandemiak eragindako egoera salatzeko deia zabaldu dute. Lekeitioz gain, Bermeon, Gernika-Lumon eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egin dituzte elkarretaratzeak. Bizi dituzten lan baldintza prekarioez kexatu dira. «Lanpostu asko bete barik daude bajengatik, eta horrek gainontzeko langileentzako lankarga handia suposatzen du. Langileak erreta daude fisikoki zein psikologikoki. COVID-19ak, gainera, ez du horretan lagundu, jendea gehiago erre da», esan du Felipe Hormaetxe UGT sindikatuko ordezkariak.
Egoera salatzeko, greba egun bi daude deituta: otsailaren 25ean lehen arretan eta 28an Osakidetza osoan. Hilaren 26an, manifestazioak egingo dituzte.