Ondarroako Irisgarritasun Plana herritarrekin batera idazteko parte hartze saioa antolatu dute
Udal langile, teknikari, ordezkari politiko eta herritarrekin batera burutuko dute plana. Lehenengo saioa martitzenean [otsailak 22] egingo dute. Kofradia Zaharrean 18:00etan batzeko hitzordua ipini dute.
Urtea hasteagaz batera abiarazi duten prozesuaren hurrengo urratsa, udalerriko irisgarritasunaren diagnostiko partekatua egitea izango da. Irisgarritasuna bermatzea eta genero ikuspegia txertatzea lege betekizuna dela ikusirik, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. “Prozesu honetan ez ditugu hirigintzan ‘adituak’ behar, Ondarroan bizitzen ‘arituak’ baizik. Beraz, saioak herriko edozein auzotan bizi edo bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude, adina, jatorria eta bizi baldintzak edozein direla ere”, azaldu dute prozesua aurrera eramateaz arduratzen ari den Projekta Urbes enpresako arduradunek.
Irisgarritasun ikuspegia, besteak beste, honako gaiekin osatu nahi da:
- Segurtasuna eta babesa, espazio publikoan.
- Zaintza lanak eta zaintzaren mugikortasuna.
- Denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna.
Parte hartze prozesua bi unetan banatzea proposatu dute: otsailean, diagnostikoa egingo dute, eta apirilean, berriz, jarduketagaz jarraituko dute. Lehendabizi, udalerriko espazio eta ekipamendu publikoen irisgarritasun maila diagnostikatu eta arazo larrienen zerrenda osatuko dute. “Diagnostiko partekatua izango da: udal teknikari, ordezkari eta herritarrekin batera egindakoa. Aurrez aurreko saioen ostean, galdetegi digitala jarriko da, eta horrek arazoak mapa gainean jartzen lagunduko digu”. Gero, diagnostikoan oinarrituta, jarduketa ezberdinak landuko dituzte. “Jarduketa horiei ekarpenak egiteko eta lehenestea proposatzeko aukera egongo da bigarren saio batean”.