Ondarroan kalatxoriak tiroz hilda agertu direla salatu du Eguzkik
Azken asteotan norbait karabinagaz kalatxoriak hiltzen dabilela salatu dute. "Ez digu batere graziarik egiten animaliak modu anker honetan hiltzeak. Ingurumenaren aurkako ekintza hau onartezina da".
Zehaztu dute hegaztiak herriko hainbat tokitan agertu direla hilda. “Hildako azken bi kalatxoriak Plazagainen eta Astilleru inguruan agertu dira”. Gaineratu dutenez, arazoa aspalditik etorri liteke. “Kalea garbitzen ibiltzen diren langileek inguruan hildako kalatxori bat baino gehiago batu izan dutela aipatu digute. Are gehiago, zaurituta gehiago egon litezkeela susmatzen dugu. Orain gutxi arte ez dugu egoera honen berri eduki, baina jarraipen bat egiten hasiko gara”. Egoeragaz kezkatuta, gertakaria ikertzeko eskatu diote Udaltzaingoari edo eskuduntza daukan erakundeari.
Kalatxoriak babestu beharraren garrantziaz ere ohartarazi dute talde ekologistako kideek. “Ondarroa moduko herri batzuetan koloniak sortu dituzte eta asko daudela dirudi, baina egoera bestelakoa da”. Udalerria, gainera, kalatxori espezie askoren babesleku eta atsedenleku ere badela gogorarazi dute. “Bertoko espeziez gain, urrutiagoko espezieak ere bistaratu izan dituzte, eta ornitologia adituen eta afizionatuen interesgune ere bihurtu da horregatik. 2016an, esaterako, Laridays kalatxoriei buruzko jardunaldiak ere egin ziren, eta edonoiz kalatxori zaleak kamera, prismatiko eta teleskopioak eskuetan ikustea ohikoa bihurtu da”.