100 igerilari inguru batuko ditu Ondarroa Sariak
Urteroko topaketa zapatuan [otsailak 19] lehiatuko dute Zaldupe udal kiroldegiko igerilekuan. Herriko igerilariekin batera, Markina-Xemeingo Atxondo, Bermeoko Kikunbera eta Zallako Zurkide taldeetakoek egingo dute uretara dzanga.
Ondarroa Igeri Taldeak antolatutako proba 10:00etan hasiko da, eta parte hartzaileek beroketak egiteko tarte bat edukiko dute aurretik. Aurten, koronabirusa dela eta, ohikoa baino igerilari gutxiago batuko direla esan dute antolatzaileek. Zehazki, 2009 eta aurretik jaiotako igerilari federatuek eta 2010 eta 2013 urte artean jaiotako eskolar mailako igerilariek parte hartuko dute. “Denetara, 100 inguru lehiatuko dira. Hortik 39, Ondarroa Igeri Taldekoak izango dira: hamabi federatu eta 27 eskolar”.
Bi zatitan banatuta lehiatuko dute proba. Igerilari federatuen txanda izango da lehenengo, eta 12:00etatik aurrera, eskolarrena. Federatuek 11 proba lehiatuko dituzte: 50 metroko crawl errelebo probak (neskak eta mutilak), 100 metroko lasterketak (bular, bizkar, crawl, tximileta eta estiloetan) eta 50 metroko lasterketak (bular, bizkar, krol eta tximeleta). Eskolarrek beste zazpi proba lehiatuko dituzte: 50 metroko errelebo proba mistoa estiloetan, 100 metroko lasterketak (crawl eta estiloak) eta 50 metroko lasterketak (bular, bizkar, krol eta tximeleta).
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, igerilariek aurten banakako proba mistoak lehiatuko dituzte. “Neskak eta mutilak batera lehiatu dira. Serieak erlojupeko eran lehiatuko dira, eta antolatzeko irizpide bakarra denbora izango da, adina kontuan hartu barik. Gaineratu dutenez, parte hartzaile bakoitzak bi probatan parte hartzeko aukera edukiko du, baita errelebo proban ere.
Bazkalordurako amaituko da topaketa, baina koronabirusa dela eta, txapelketa amaieran ez dutela garaikurrik banatuko iragarri dute. Hori bai, parte hartzaile bakoitzari lehiaketaren oroigarri txiki bat eta goxoki poltsa bat emango diote opari, aldageletatik ateratzean. Arratsaldean, berriz, igeri eskolako gazteenek erakustaldia egingo dute, euren aurrerapenak erakusteko. 35 haurrek parte hartuko dute erakustaldian.