Gorabideko langileek astelehenean egingo dute elkarretaratzea Ondarroako egoitzan
Astelehenean [otsailak 21] Ondarroako egoitzaren aurrean 11:00etatik 12:00etarako kontzentrazioan jasaten ari diren murrizketak salatuko dituzte eta lan baldintza duinak eskatu.
Gorabideko langileak astelehenean egingo dute elkarretaratzea Ondarroako egoitzaren aurrean 11:00etatik 12:00etara. Azkenaldian egon diren murrizketak salatu nahi dituzte eta lan baldintza duinak eskatu, azkenean kaltetuenak elkarteko kideak direla diote. Abadiñoko ferialeku plazan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzaren aurrean ere egin dituzte elkarretaratzeak aurretik.
Duela bi urtetik, Covid-19aren pandemia hasi zenetik, okerrera egin dute Gorabideko langileen lan baldintzak eta egoerak. “Konfinamenduan txalo egiten gintuzten, baina orain bakartuak sentitzen gara, gutaz ahaztu dira. Egutegia oso gogorra da, sei egun egiten ditugu lan jarraian, eta ordezkapenen egoera are eta txarragoa da, haiek bederatzi egun egiten dituzte jarraian eta bakar bat jai”, azaldu dute.
Ordutegiek kontziliazioa “ia ezinezkoa” bilakatzen dutela aitortu dute. Azkenean espresuki haien esku ez dauden eginkizunetan planto egitea erabaki dute zuzendaritza benetan negoziatzen hasi arte.
Gorabide adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkartea da eta aurten 60 urte betetzen ditu. Gaur egungo egoeraren aurrean kaltetu nagusiak kideak direla baieztatu dute: “Gure lana bokaziozkoa da, boluntarioak gara asko, pazientzia eta maitasun handiko lana da gurea, baina gure mugara heltzen hasiak gara. Azkenean kideak eta haien familiak eta lagunak dira gure egoera jasaten ari direnak, haien arreta eta bizi maila jaisten ari delako”.