Jone Gonzalez: "Ez nuen espero ametsa hain azkar egia bihurtzea"
Maria Cerezuela aktore gasteiztarrak Goya sarien galan jantzitako soinekoa sortu du moda diseinatzaile ondarrutarrak. Kontuak eduki duen oihartzunak harrituta laga du.
Espainiako Zinema Akademiak aurreko zapatuan [otsailak 12] banatu zituen Goya zinema sari entzutetsuak. Maria Cerezuela aktore gazteiztarra izan zen sarituetako bat, eta hark jantzitako soineko ikusgarriak zeresan handia eman du. Maixabel filmagatik aktore berri onenaren sariaren irabazleak galan soinean eraman zuen jantzia sortzeko ardura, hain zuzen, Jone Gonzalez Chaves ondarrutarrak eduki du.
Nelez arropa marka ondarrutarren sortzailea Milanen dago Moda Diseinuko master bat egiten, eta zapatukoa nekez ahaztuko duen gaua izan zela dio. Cerezuelarentzat ez ezik, berarentzat ere “gau handia eta ahaztezina” izan zela azpimarratu du. “Sekulako poza eman dit nire diseinu bat alfonbra gorrian eta albiste guztietan ikusteak. Iaz amaitu nituen Moda Diseinu ikasketak, eta alfonbra gorriko izarren bat janztea nire ametsetako bat zen, baina ez nuen espero ametsa hain azkar egia bihurtzea. Kontua ezkutuan eduki behar izan dut, eta, egia esan, sekulako oihartzuna eduki du herrian; horrek ere harrituta laga nau”.
Goya sarietarako harribitxi zuriz egindako soinekoa egiteko prozesua “gorabeheratsua eta luzea” izan dela aitortu du ondarrutarrak. “Hasierako diseinua eta jantzita eraman duena ez dira izan berdinak. Azaroan idatzi zidan, eta lehen diseinuak abendurako bidali nizkion. Gabonetan Ondarroara joan nintzenean, orduan egin genituen proba denak”.
BegoƱa Chaves, Gonzalezen ama ere moda diseinatzailea da, eta soinekoaren sorkuntzan hark ere funtsezko zeregina eduki duela gaineratu du. “Soinekoari azken ukituak emateaz ama arduratu da. Ondarroara joan nintzenean ahal nuen guztia egin nuen, baina eskolak eta azterketak nituen tartean, eta azken probak eta doitzeak amak egin zituen; haren laguntza barik ezingo nuke dena sasoiz amaitu”. Emaitzagaz pozik geratu dela dio. “Soinekoa dotorea da, nire diseinu guztiek daukaten ikutu ausart beragaz. Mauka amaieran nire diseinuen bereizgarri bihurtu den oihal iletsua ere sartu nuen”.
Goya sarien gala, baina, Gonzalezentzat ez da Cerezuela janzteko ardura eduki duen lehen aldia izan. Aktore gasteiztarrak Donostiako Zinemaldiko aurkezpenean erabili zituen bi jantziak ere berak sortu zituen. Aukera hori “ezustean” suertatu zitzaiola esan du. “Cerezuela abuztuan jarri zen nigaz harremanetan. Bere ahizpagaz Inglaterran egonaldi bat egin nuen aspaldi, eta Mariak ahizpari Zinemaldira joateko diseinatzaile edo estilista bat behar zuela esan zionean, nitaz gogoratu zen; hala hasi zen kontu guztia”.