Lea-Artibai eta Mutrikuko lau traineruk parte hartuko dute Oriaren Jaitsieran
Orio Arraunketa Elkarteak antolatutako proba zapatuan [otsailak 19] lehiatuko dute. Denboraldi berrirako prestakuntza lanetan dabiltzan arraunlarien lana gertutik ikusteko aukera edukiko dute zaleek.
Neguko estropadarik ezagunenenak 78 traineru eta 1.000 arraunlari inguru batuko ditu. Horien artean, Lea-Artibai eta Mutrikuko lau traineru ariko dira lehian. Ondarroako hiru traineruk (nagusi mailako emakumezkoen eta gizonezkoen traineru bana eta gazte mailako mutilekin osatutako beste bat) eta Mutrikuko nagusi mailako gizonezkoen traineruak baieztatu dute parte hartzea; Lekeitioko Isuntza Arraun Taldekoek ez dute proban parte hartuko.
Oriaren 28. Traineru Jaitsiera 16:00etan hasiko da, eta uretaratzen lehenak beteranoen kategoriakoak izango dira; 4.000 metroko ibilbidea osatuko dute Saikola eta Orio artean. Hurrengo minutuetan uretaratuko diren gazte mailako traineruek, Mediterraneotik etorritako ontziek eta nagusi mailako emakumezkoen traineruek ere ibilbide bera osatu beharko dute. Nagusi mailako gizonezkoen traineruek, berriz, Mapil eta Orioko zubia lotzen dituen 6.000 metroko distantzia osatu beharko dute.