Mikel Otegi etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Ondarroan
Sarek deituta, larriki gaixorik dagoen euskal preso politikoa etxeratzeko eskatuko dute domekan [otsailak 20]. 13:00etan Alamedan batzeko hitzordua ipini dute.
Ondarroako bizilaguna eta gainontzeko preso gaixoen egoera salatu eta haien askatasuna eskatuko dute Mikel eta larriki gaixorik dauden presoak etxera! lelopean deituta dagoen mobilizazioan. Sortzez itsasondoarra den presoak biriketako tuberkulosia duela jakinarazi zuen martitzenetan [otsailak 15] Etxeratek. Lehendik ere, larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoen zerrendan zegoen: “Sindrome koronario akutu bat izan zuen, eta belauneko osteoartritisa du, endekapenezko jatorri izan dezakeena”, jakinarazi du Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak.
Hogei urte daramatza espetxean, hasieran urte eta erdi eman zituen kartzelan, eta 2003an atxilotu zuten berriz, eta, antza denez, joan den astean urgentziaz ospitaleratu zuten Iruñean. Ospitalean, COVID-19aren proban positibo eman, eta koronabirusagatik gaixo daudenen solairuan ingresatu zuten. Gaitza gainditu ostean, beste solairu batera eraman zuten, eta han dago oraindik ere. Egindako probetan oinarrituta, diagnostikatu diote biriketako tuberkulosia.
Otegiren osasun egoeraren aurrean, aske uzteko eskaera egin du Etxeratek. Ohartarazi du Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluak herritarren osasuna bermatzeko eskubidea jasotzen duela, eta arrazoi horregatik, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorako presoen zigorra etetea Espainiako Zigor Kodeak 80. eta 92. artikuluetan jasotzen duen neurri bat dela. Horrez gain, nabarmendu du azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek ere eskatu dutela larri gaixo dauden presoak aske uztea, “hala nola, OMEk eta Europako Kontseiluak”.